Bi urteko espetxe zigorra ipini diote gizon bati, 16 urteko neska bati sexu erasoa egiteagatik. Fiskaltzaren akusazioaren arabera, 2022ko maiatzean, gizonezkoak neska zokoratu zuen komun batzuetan, eta sexu erasoa egin zion.
Fiskaltzak, hasieran, hiru urteko zigorra eskatu zuen, baina, gizonak egindakoa aitortu duenez, eskaera urtebete murriztu diote, eta gizonak ados dagoela esan du; horiek horrela, ez du kartzelan sartu beharko, betiere ez badu berriz deliturik egiten, eta sexu heziketako ikastaro bat egin beharko du. Horretaz gainera, bi urtean zaintzapean aske egongo da, ezingo da biktimarengana hurbildu bost urtean, eta 7.000 euro ordaindu beharko dizkio.
Ez da bortxa matxistari lotutako auzi bakarra. Beste gizon batek ere bi urteko espetxe zigorra onartu du, etxe batean emakume bati sexu eraso bat egiteagatik; ez dute espetxeratuko, ez badu bi urtean deliturik egiten eta sexu heziketako ikastaro bat egiten badu. Alabaina, ezingo du emakumearengana gerturatu hiru urtean, bi urtean zaintzapean aske egongo da, ezingo du lau urtean adin txikikoekin lanik egin, eta emakumeari 2.000 euro emango dizkio.
Horietaz gainera, 21 urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak gizon batendako, adingabe bati sexu erasoa egitea eta kokaina ematea leporatuta. Gizona adingabearen etxean bizi zen, haren amak etxean hartu zuelako, laguna zelako. Gaur hasi da kasuaren epaiketa.
Fiskaltzak azaldu duenez, 2020ko martxoa eta ekaina bitarte gertatu zen: akusatuak kokaina eta haxixa eman zizkion «behin baino gehiagotan» adingabeari. Egun batean, adingabeak alkohola eta kokaina kontsumitu zituela baliatuta, akusatua neskaren gelara sartu zen, hura bortxatzera. Biktimak gaur eman du testigantza, eta fiskaltzak esandakoa baieztatu du.
Biktimak beste pasarte bat ere gogora ekarri du: 2020ko apirilean sexu erasoa egin zion akusatuak, neskaren ohera sartuta. Adierazi du momentu hartan ez zuela deus ere kontatu, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapean zegoenean, adingabeen zentro batean, hezitzaile bati esan ziola guztia. Hezitzaile hark eta biktimaren amak ere deklaratu dute gaur.
Aurreikusten da bigarren saio bat egingo dela datorren martxoan: hiru forentsek deklaratuko dute lehenbiziko, eta akusatuak gero.
Atxilotu bat Iruñean
Espainiako Poliziak gizon bat atxilotu du Iruñean, alabaordeari sexu erasoak egiteagatik. Atxilotuari hamaika urte eta hilabete bateko zigorra ezarria diote Brasilen, sexu erasoen delitua egotzita. Nazioarteko agindu bati jarraikiz atxilotu dute gizona. Poliziak zehaztu duenez, 2007 eta 2009 bitartean sexu erasoak egin zizkion 12 urte inguruko alabaordeari.
Brasilgo agintari judizialek eman zuten atxilotze agindua, hura estraditatzea eskatzeko. Behin atxilotu eta gero, gizona Espainiako Auzitegi Nazionalaren esku utzi dute, hark baitu eskumena estradizioa egiteko, zigorra Brasilen bete dezan.