Bi urteko espetxe zigorra eskatu dute Gasteizko herri harresiko 9 auzipeturentzat

Bi lagun epaituko dituzte aurrena, astelehenean, desobedientzia eta agintearen kontrako atentatua egotzita. Elkarretaratzera deitu dute

Iaz Gasteizko herri harresian parte hartzeagatik auzipetutakoen agerraldia, atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Gorka Berasategi Otamendi.
Gasteiz
2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Gasteizko herri harresiko hamabost auzipetuen kontrako lehen epaiketa hasiko da astelehenean. Protestan parte hartzen ari zirela «desobedientzia» eta «agintearen kontrako atentatu edota erresistentzia» egitea leporatzen diete. Hamabost auzipetuetatik bederatzi epaituko dituzte aurrena, eta bi urteko kartzela zigorra eta isunak eskatu dituzte akusazioek. Horietatik bi astelehenean epaituko dituzte, eta ostegunean jarraituko du. Beste sei auzipetuek ez dute oraindik jakinarazpenik jaso.

Eleak mugimenduak «eskubide zibil eta politikoen urraketa» salatu du, eta elkarretaratzera deitu du gazteei babesa adierazteko. Epaiketa egunean izango da hori, hilaren 10ean, Gasteizko Justizia Jauregiaren parean, 09:00etan.

Eleak-ek agerraldia egin zuen atzo, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Hain justu, 2015eko maiatzaren 17an herri harresia egin zuten toki berean. Hamabost auzipetuen izenean hitz egin zuen Izaskun Goienetxeak, eta epaiketa bultzatu dutenei mintzatu zitzaien: «Elkartasuna eta maitasuna epaitu nahi dituzue, baina ez zarete inor gu epaitzeko».

Igarki Roblesen, Ibon Estebanen eta Aiala Zaldibarren atxilotzea oztopatzeko osatu zen herri harresia Gasteizen. Hirurak atxilotzeko agindua emana zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, Ainhoa Villaverde, Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz eta Xabat Moranekin batera, Segiko kide izatea egotzita. «Gure lagunen atxiloketa eragotzi baino gehiago, egoeraren krudeltasuna adierazi nahi genuen, eta desobedientziaren bidean aurrerapausoa egin», adierazi du Goienetxeak.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia «erabaki politikoa» izan zela ziurtatu du: «Erabaki politikoa da milaka euskal herritar atxilotzea, torturatzea, espetxeratzea eta inolako azalpenik gabe gerora aske uztea».

Egoera «bidegabe» horri aurre egin ordez, Auzitegi Nazionalari «men egitea» leporatu dio, berriz, EAJri. Horrez gain, Robles, Esteban eta Zaldibar atxilotzeko Ertzaintzak «azken urteotako bortizkeriarik nazkagarriena» erakutsi zuela nabarmendu du. «70 lagunek baino gehiagok salaketak aurkeztu genituen eman zizkiguten jipoien ondorioz». Herri harresian parte hartu zutenek, «egoera bidegabeen aurrean, zuzena denaren alde» egitea erabaki zuten, Goienetxearen esanetan: «Desobeditzea, alegia». Egoera errepikatuko balitz berriro egingo luketela gehitu du.

Babestuak, babesle

Gasteizko herri harresian babestuak izan ziren hiru auzipetuen izenean adierazi du Aiala Zaldibarrek babestu egingo dituztela epaitzera doazen herri harresiko partaideak, haiekin iaz egin zuten moduan: «Gasteizko herri harresian parte hartu zuten milaka herritarrek bazekiten gu militante politiko izate hutsagatik ginela kondenatuak, eta horregatik eskaini ziguten babesa. Haiek ere militante politikoak dira. Justiziaren eta legearen aurrean erabakitzera behartu zituztenean, justizia aukeratu zuten. Gurekin batera eseri ziren plaza honetan, legearen zein borren pisua haien gainean eror zitekeela jakitun».

Eskubide zibil eta politikoen urraketak eteteko eta «espiral makabroa» amaitzeko beharra azpimarratu du Zaldibarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.