Terrorismoaren Aurkako Frantziako Fiskaltzako prokuradoreak urtebeteko kartzela zigorra eskatu du Beatrice Mollerentzat, eta bi urtekoa Jean Noel Etxeberri Txetx-entzat. Bi kasuetan, gibelapenarekin —bost urteko epean gisa bereko deliturik egin ezean, ez lukete bete beharko—. Era berean, armak edukitzeko debekua eskatu du bost urterako; ez du egin, haatik, bakegileak Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan izendatzeko eskaerarik.
Luhusoko operazioarekin lotuta, bakegileek ETAren helburuen arabera jardun zutela erran du prokuradoreak, eta, beraz, armak edukitzeagatik eta horiek garraiatzeagatik zigortu behar direla. Defentsako abokatuek defendatu dute Luhusoko ekinbidea «ezinbestekoa» izan zela, eta, prokuradorearen argudioei banan bana erantzunez, ukatu egin dute ETAren armagabetzea bultzatzeko operazioan delitu penalak izan zirela. Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu dute aho batez. Maiatzaren 16an emanen du erabakia epaileak.
«Epaitegi honen funtzioa ez da kontakizun bat adostea, auzipetuen ekintzak epaitzea baizik», argudiatu du prokuradoreak. Alta, 2016ko abenduaren 16ko gertakariak ulertzeko bi modu agertu dira epaitegian. Etxeberrik eta Mollek armak eduki eta garraiatu izana asumitu dutenez, akusazio hori ontzat eman du; helburu terroristetan jarri du azpimarra. «Galdera honako hau da: armak edukitzea eta garraiatzea ETArentzat egina izan ote da?».
Euskal Herriko gatazkaren konponbide prozesuaren irakurketa propioa egin du; hain zuzen, gatazka eta bake terminoak arbuiatuta. «Bakea ETAren hiztegian da aspalditik. Baina norekin zen gerlan? Espainiako eta Frantziako estatuekin?». Hori ETAren kontakizuna dela erran du. «Euskal Herrian ez da gerlarik egon, ekintza terroristak baizik». 2006ko su etena oinarritzat hartuta, zalantzan jarri du ETAk 2011tik aitzina abiatutako bidearen sinesgarritasuna.
Fiskaltzaren irakurketan, ETAren erabakia izan zen armagabetzea alde bakarrekoa izatea, haren borondatea zen Frantziako eta Espainiako estatuei izkin egitea. Erran du Etxeberrik eta Mollek ETAk ezarritako baldintzak bete zituztela: armak «suntsitzea», armak helarazi zizkienak ez identifikatuak izatea. «Ez dute metodo diskretua hautatu: metodo publikoa hautatu dute, borrokalaria; ETAren asmoen ispilu».
Prokuradoreak nabarmendu du 2016an ez zela inolako negoziaziorik ETArekin. Frantziako Estatuak aitzitik bezala segitzen zuen, erakundearen kontra, polizia indarrekin. Hala, armen arriskua gutxietsi du, erran baitu erakundea «ahuldua» zegoela. Erabat baztertu du armak beste inoren esku gelditzeko aukera.
Erran du kontuan hartu dituela auzipetuen izaera, egitateetan antzinakotasuna eta Euskal Herriko gatazkak izan duen bilakaera, baina justizia trantsizionalaren ideia errefusatu du. Haren hitzetan, hori ezin da epaiketa batean «dekretatu»; «Ez da inprobisatzen; koadro bat behar da. 2016an ez zegoen koadro hori, eta gaur egun ere ez».
Luhusokoa, «ezinbestekoa»
Euskal gatazkari loturiko aferak aztertu ditu Xantiana Cachenaultek azken hogei urteetan; Luhusoko auziaren izaera «historikoa» nabarmendu du. Haren hitzetan, «inoiz ikusi gabea» izan zen atzokoa: «Frantziako agintean goi karguak izandakoak, eta Ipar Euskal Herriko hautetsi anitz ahots bakarrean mintzo». Eta dezepzioa ere aipatu du: «Hogei urtean terrorismoaren kontrako fiskaltzaren diskurtsoa ez da batere aldatu. Eta, alta, egoera anitz aldatu da Euskal Herrian. Gatazkaren izaera errefusatzen segitzen dute».
Aieteko Konferentziatik aitzina izandako bidea aipatu du Cachenaultek, elkarrizketa saiakerak, eta Frantziako eta Espainiako estatuen errefusa. «Gizarte zibilak ez zuen aurreikusten estatuen errefusik, ezinbestekoa baita bake prozesuak aitzina egiteko». 2014ko Baionako Adierazpena aipatu du: ingurune anitzetako hautetsiek estatuen parte hartzea beharrezkotzat jo zuten konponbide prozesuan. Testuinguru horretan kokatu du Etxeberriren, Berhokoirigoinen eta Tubianaren erabakia. «Hori aurretik dena entseatua izan zen».
Cachenaulten hitzetan, Frantziako legediak badu baliabiderik Luhusoko auzia onartzeko. Ekintzaren «ezinbestekotasuna» aipatu du, egoerari egokitua den erantzun penala emateko aukera ematen duena. Eta Luhusokoa «ezinbestekoa» izan zela erran du: «Erakunde bat armagabetzeko, haren armen jabe egin behar da. [...] Beharrezkoa zen, Frantziako Gobernuak jarrera aldatzeko».
«Zigorra ez, aitortza»
Jean François Blanco abokatuak banan bana erantzun ditu prokuradorearen argudioak, eta frogatu nahi izan du bakegileen ekintza ez zela delitu penal bat izan. «Gure aitortza merezi dute, ez zigor bat». Galdera egin du: «Nola epaituko genuke armagabetzen duen eta armak dituen pertsona bat? Ez genuke epaituko, eskerrak emanen genizkioke». Hori da bakegileek egin zutena, haren hitzetan; haien oroimena omendu du.
Luhusoko operazioaren helburua argi zela erran du: «karrika itsutik» ateratzea. «Erakutsi nahi zuen ETA prest zela armagabetzerako, eta nahi izanez gero posible zela». Hala, ezin da apirilaren 8ko armagabetzetik bereizi. «Jarraitutasun bat bada. Luhusokoa gabe ez zen posible izanen, eta baldintza beretan entregatu zituzten ETAren armak».
Epaiketako lekukoek kontatu dute aginte politikoarekin eta administratiboarekin elkarlanean antolatu zela apirilaren 8ko armagabetzea, eta aginte judizialak ere ontzat eman zuela. «Orduko Baionako prokuradoreak eta Parisko fiskaltzak konfiantza izan zuten haiengan [bakegileengan], eta gaur egun fiskaltzak berak zigortu nahi ditu?», galdetu du.
Armagabetzea ETAren helburuen arabera egin zela errana zuen lehenago prokuradoreak. «Aginte politikoa, administratiboa eta judiziala ETAren helburuen arabera aritu ziren?», iharduki dio Blancok. Gauza bera helburu terroristari buruz: «Erran nahi duzue bat egin zutela armagabetu duten erakundearen helburu terroristekin?». Zigor Kodea zitatu du: «Ez da deliturik hura egiteko intentziorik gabe».
Zuzenbideko beste puntu bat ere aipatu du: armak eta lehergaiak edukitzea eta garraiatzea delitua da, baldin eta ez bada horretarako motibo zilegirik. «Motibo zilegia da arma horiek jasotzea armagabetzea gauzatzeko». Historia idatzi nahi izatea leporatu dio fiskaltzari. «Baina Bakegileek arrazoi zuten, armagabetzea gauzatu baitzen, eta ETA desegin baitzen. Egitateek arrazoi eman diete». Auzipetuak errugabetzeko eskatu dio epaimahaiari.