Emakume etorkinek egiten duten lana zaintzari lotuta dagoela azaldu du Silvia Carrizok. Malen Etxean aritzen da, etorkinei laguntza eskaintzen. Argentinarra izanik, Carrizok ondo ezagutzen du errealitate hori. Haien lana «ikusezina» dela salatu du, eta hori aldatzea ezinbestekoa dela iritzi dio. Parte hartuko du gaur Martxoaren 8aren harira Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean (Gipuzkoa) egingo den mahai inguruan.
Zer esan nahi du Euskal Herrian emakumea eta etorkina izateak?
Nahiz eta pertsona guztiek duten immigratzeko eskubidea, errealitatea da hori egiten duten emakumeen %95-98k arrazoi ekonomikoengatik egiten dutela. Horregatik, kategoria ekonomiko bat dela esaten dugu. Hemen, batik bat adinekoak, haurrak eta gaixoak zaintzeko politiketan dauden gabeziak estaltzera datoz.
Maiz salatu izan duzue lan horren prekarietatea.Andre etorkinen kasuan are agerikoagoa izango da hori, ezta?
Bai. Zaintza lana ikusezina da, eta ezkutuko ekonomiari dago lotuta. Horrek berez dakar prekarietatea. Emakume etorkinen kasuan, are gehiago. Horietako batzuek dituzten lan baldintzak esklabotzatik gertu daude. Krisiak are gehiago okertu ditu lan baldintza horiek. Adibidez, soldatak nabarmen jaitsi dira.
Ba al duzue horri buruzko daturik? Eta gainerako lan baldintzez?
Azken bi urtean %35 jaitsi da emakume etorkinen soldata. Kontuan izan behar da, gainera, normalean ez dutela lan sari bikoitzik jasotzen. Kasu askotan astean zazpi egunetan egiten dute lan, eta ez dute oporrak hartzeko eskubiderik. Haien bizimodu bakarra lana da. Langile gisa dituzten eskubideak urratuak dauzkate, eta edozein lan erregimenetik kanpo daude. Gaur egun, gainera, zailtasun handiagoak dituzte lana topatzeko. Krisiagatik, bertako emakumeek ere egin nahi dituzte zaintza lanak.
Batzuetan, goi mailako ikasketak dituzten emakumeak dira. Ezin al dute beren ikasketa mailara egokitutako lanik topatu?
Ia ezinezkoa da hori. Batetik, gehienak legez kanpoko egoeran etortzen direlako. Beraz, hasiera batean ezin dute beren ikasketa mailari dagokion lan bat topatu. Paperak lortzen badituzte ere, oso zaila da. Izan ere, traba handiak jartzen dizkiete tituluak balioztatzeko. Oso luzea da horretarako prozesua. Beraz, gehienak ez dira horretan saiatzen. Guk Malen Etxean jasotzen ditugun lan eskaintza bakarrak garbitzaile eta zaintzaile izateko dira.
Zer egin daiteke hori aldatzeko?
Egiten duten lana eta langile gisa dituzten eskubideak aitortu behar zaizkie. Horretarako eman beharreko lehen urratsa haien jarduna ikusgarri egitea da, eta marko ekonomiko batean jasotzea. Baina erakunde eta alderdi politikoen aldetik ez da horretarako kontzientzia sozialik.
Eta gizarteak? Izan ere,asko dira lan baldintza horiek ezarrita emakume etorkinak kontratatzen dituztenak, seme-alabak edo gurasoak zaintzeko.
Haserretu eta gertatzen ari dena salatu behar dute. Baina berriro diot: erakundeek hartu behar dituzte neurriak.
Eta esparru ekonomikotik kanpo, zein da emakume etorkinen egoera Euskal Herrian?
Bakoitzak bere errealitatea du, eta ezin da orokortu. Baina nik uste, esparru ekonomikotik kanpo, bertako edozein emakumek dituzten arazoak dituztela, baina larriagotuta. Lana eta familia uztartzeko zailtasunak dituzte, eta genero indarkeria ere hor dago.
Zein lan egiten duzue Malen Etxetik emakume etorkinei laguntzeko?
Oso garrantzitsua da guztiak elkarrekin egotea, eta harreman hori indartzen saiatzen gara. Horrekin batera, erakundeen aldetik jasotzen ez duten gizarte laguntza eskaintzen saiatzen gara.
Martxoak 8. Emakumeen Eguna. Silvia Carrizo. Malen Etxea elkarteko kidea
«Bi urtean %35 jaitsi da andre etorkinen soldata»
Emakume etorkinen lan baldintzak «esklabotzaren parekoak» direla salatu du Silvia Carrizok, Malen Etxeko kideak. Ez du hori aldatzeko «borondate sozialik» ikusten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu