Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra foruzain batendako, haren bikotekide ohiari jazartzea egotzita

Hamazazpi urteko zigorra eskatzen zuen fiskaltzak gizonarendako; azkenean ez du kartzelan sartu beharko.

Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Nafarroako justizia jauregia, artxiboko irudi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 24a
16:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra onartu du foruzain batek, bikotekide ohiari bortz urtez jazarri zitzaiola baieztatuz. Fiskaltzak hamazazpi urteko zigorra eskatzen zuen gizonarendako, baina azkenean ez du kartzelara sartu beharko; 69.000 euro ordaindu ditu, eta urruntze agindua betetzen duela ziurtatzeko gailu bat eraman beharko du. Gaur hasi da epaiketa, Nafarroako Probintzia Auzitegian, eta aurreikusten zuten lau egun iraunen zuela, baina akordioa egin dute. Zehazki, derrigortze delitua eta sua piztuz kalteak eragitea egotzi diote gizonari.

Aldeen arteko akordioa egin dutelako apaldu dute zigorra —eta, ondorioz, ez du kartzelan sartu beharko—, eta aringarri oso kualifikatu bat erakutsi duelako gizonak: egindako kaltearen erreparazioa. Zigorraren ezohiko etendura aplikatu diote, eta trukean gizonak 3.210 euro ordaindu beharko ditu, eta hiru urtez ezin izanen du deliturik egin.

Zigorra apaltzearen truke, 69.000 euro ordaindu beharko ditu foruzainak: 28.000 euro bikotekide ohiari, 28.000 euro emakumearen egungo bikotekideari eta 8.000 euro bertze ibilgailu batzuei eragindako kalteengatik. Gainera, urruntze agindua ezarri diote, eta ezin izanen da emaztekiarekin harremanetan jarri bortz urte eta bederatzi hilabetez; gailu bat eraman beharko du zigor hori betetzen duela ziurtatzeko.

Gainera, hasierako akusazio idazkian sekretuak ezagutaraztea eta agerraraztea egozten zioten gizonari, baina bi kargu horiek kendu dizkiote —kendu ez balizkiote, hamar urteko zigorra bete beharko luke horiengatik—. Argudiatu dute Foruzaingoaren datu baseen bidez lortutakoak «aipamen informatiboak» bertzerik ez zirela eta modu publikoan eskuratu ahal direla, datu base profesionalik erabili gabe.

Fiskaltzak azaldu duenez, akusatuaren eta biktimaren arteko bikote harremana akitu eta gero, gizonak bortz urtez jarri du biktima «zelatatze, kontrol eta jazarpen egoera larrian». Are, fiskaltzaren hasierako idazkiaren arabera, foruzaina bere lanpostuaz baliatu zen datu baseetara baimenik gabe sartzeko, eta emaztekiaren eta haren ingurukoen informazioa lortzeko; pertsona horiei gutun anonimoak igorri zizkiela azaldu du fiskaltzak, emakumearen osasunari buruzko informazioa emanez. Gainera, akusatuak biktimari idatzi egiten zion, haren egungo bikotekidea utzi, eta berriz ere akusatuarekin harreman bat hasteko aginduz.

Biktimari jarraitzen zion, eta errepidean «arrisku larrian» jarri zuen «gutxienez bi aldiz». Are, emakumearen egungo bikotekidearen autoari su eman zion 2022an, eta, ondorioz, ibilgailu horrez gain, bertze lau kiskali ziren.

Lau atxilotu Gasteizen

Gasteizko Udaltzaingoak lau gizon atxilotu ditu asteburuan, indarkeria matxista egotzita. Gaur goizaldean 35 urteko gizon bat atxilotu dute: udaltzaingoak abisu bat jaso du gizon bat emakume bati kalean eraso egiten ari zitzaiola erranez. Polizia bertaratu zen, eta gizona atxilotu zuen.

Larunbatean 24 urteko gizon bat eta 37 urteko bertze bat atxilotu zituzten, bikotekideari eraso egitea leporatuta. Koroatzea auzoan eta Armentiako kontzejuan, hurrenez hurren. Larunbat goizean, berriz, 30 urteko gizon bat atxilotu zuten, taberna batean emakume bati sexu erasoa egitea egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.