Azken udal batzarrean, Eguesibarko Udalak (Nafarroa) erabaki du euskara jakiteko baldintza kentzea bi teknikari lanpostutan. Hortaz, aurrerantzean gazteria teknikariak ez du euskaraz jakiteko beharrik izango, ezta ludoteka eta liburutegien arloan aritzen direnek ere. Erabakia UPN, PSN, Vecinos por el Valle eta PP taldeen botoekin onartu da; gazteria teknikariaren kasuan, Eguesibar Bizi taldeak ere bat egin du aurrekoekin.
Geroa Bai koalizioko udal taldeak «onartezintzat» jo du erabakia. Esan dutenez, ez zaie harrigarri izan «jarrera euskarafobo berari» eusten dioten alderdien jokabidea, «baina bai politikagintza aldatzera zetozela zioten Eguesibar Bizi bezalako taldeena». Haien esanetan, talde horiek «behin eta berriro» egiten dute bat UPNren jokabidearekin.
Gazteria teknikariaren lanpostuari dagokionez, euskara jakiteko baldintza kendu izanak esan nahi du «eskaintzen duen zerbitzua, euskaraz izatekotan, berak hala erabaki duelako» izango dela hala, Geroa Baik azaldu duenez. Koalizioak gogorarazi du Eguesibarko ikasleen %30ek D ereduan ikasten dutela, eta beste askok euskara eskolak hartzen dituztela A ereduan: «Horiek guztiek ez dute gazteria teknikariaren aldetik euskarazko arreta jasotzeko aukerarik edukiko».
Euskaldunak «galtzaile»
Udal batzarrean, Eguesibarko alkate Xuriñe Peñasek (UPN) esan zuen zerbitzu horietan euskarazko komunikazioa ez zela galduko. Ez da iritzi horretakoa Geroa Bai: «Azkenean, euskal hiztunen komunitateak galtzen du beti». Koalizioak uste du erabaki horrekin herritarren hizkuntza eskubideak «ahantzi» egiten dituztela «eskubide horien defentsarako berme izan behar duten erakunde publikoek». Gainera, salatu dute erabaki horrek «mugatu» egiten duela langileen borondatea.