EUSKAL PRESOAK

Bi preso Euskal Herriratzea eta hiru gerturatzea onetsi dute Espetxe Erakundeek

Gainera, Zueratik Soriara lekualdatuko dute Juan Luis Agirre.

Euskal presoen eskubideen aldeko martxa, urtarrilaren 9an, Donostian. JON URBE / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 21a
14:13
Entzun

Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki du bi euskal preso Euskal Herriratzea, hiru Euskal Herritik gertuago dauden kartzeletara hurbiltzea eta bat lekualdatzea.

Iratxe Yañez izango da Euskal Herriratuko dituztenetako bat. Asturiasen dago preso (385 km), eta Zaballara ekarriko dute. 2010eko urrian espetxeratu zuten, hogei urteko zigorra betetzeko, eta 2025eko urtarrilean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Bigarren graduan dago, eta hala jarraitzea proposatu du Villabonako kartzelako Tratamendu Batzordeak.

Bestalde, Valentina Morisoli presoa Madrildik Arabara hurbilduko dute. 2020ko azarotik dago preso, behin-behinean.

Gerturatzeen kasuan, Iker Olabarrieta eta Asier Arzalluz daude Sevilla II-ko espetxean (990 km), baina biak gerturatuko dituzte Logroñora (170 km). Olabarrieta 2005eko martxoan kartzelatu zuten, hogei urteko zigorra betezteko, eta iazko martxoan bete zituen zigorraren hiru laurdenak. Harentzat ere bigarren gradurako progresioa onartu dute. Arzalluz, berriz, 30 urteko zigorra betetzen ari da 2009ko azarotik, eta hiru laurdenak 2023ko apirilean beteko ditu. Bigarren graduan egongo da aurrerantzean hura ere.

Andoni Goikoetxea, berriz, Dueñasko kartzelatik (310 km) El Duesora (170 km) gerturatuko dute. 2019ko apirilaren 25ean espetxeratu zuten, zazpi urteko zigorra betetzeko, eta hiru laurdenak 2024ko uztailean beteko ditu. Lehen gradutik bigarrenera igaroko da, Espetxe Erakundeek hala onartu eta gero.

Gainera, Juan Luis Agirre presoa lekualdatuko dute, Zueratik (245 km) Soriara (260 km). 30 urteko zigorra betetzen ari da 2002tik, eta iazko martxoan bete zituen hiru laurdenak. Bigarren gradurako progresioa proposatu du harentzat Zuerako Tratamendu Batzordeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.