Bi pertsona hil dira trafiko istripuz Añezkarren, eta beste bat Itzan

Bi autok eta kamioi batek izan dute ezbeharra, eta N-240-A errepidea itxita geratu da bi noranzkoetan. Itzako istripuan, auto bat bidetik atera da, eta su hartu du.

Añezkarren izandako istripua. IÑAKI PORTO / EFE
Añezkarren izandako istripua. IÑAKI PORTO / EFE
2025eko urtarrilaren 10a
15:30
Entzun

Bi trafiko istripu larri gertatu dira gaur goizean Nafarroan: bat Añezkarren, eta beste bat Itzan. Añezkarren gertatutako istripua bi autoren eta kamioi baten artekoa izan da, eta bi pertsona hil dira. Itzan, berriz, auto bat errepidetik atera da, eta su hartu du.

Añezkarko ezbeharra 06:47an izan da, N-240-A errepidearen 9,4. kilometroan. Oraindik ez dute argitu zer gertatu den, baina, zabaldutako lehen informazioaren arabera, bi autoek aurrez aurre jo dute aurrena, eta gero kamioi batek jo ditu. Hildakoak, biak gizonak, bakarrik zihoazen ibilgailuetan. Batek 53 urte zituen, eta besteak 57. Kamioiaren gidaria onik atera da.

Ordu horretan behe laino itxia zegoen inguruan, baina ez dute baieztatu behe lainoa izan ote den istripuaren eragilea. Espainiako Guardia Zibilaren esku geratu da istripuaren ikerketa. Errepide hori bi noranzkoetan geratu da itxita istripuaren ondorioz.

Hildakoetako bat Berriozarko Udaleko langilea zen, eta lanera zihoan istripua izan duenean. Udalak dolua ezarri du gaurko eta biharko. Bertan behera geratu dira udalak egunotarako antolatutako ekitaldiak ere. Bozeramaileen Batzordeak elkartasuna eta babesa adierazi die hildakoaren familiari, lagunei, lankideei eta Berriozarko herritarrei.

Añezkarko istriputik kilometro eta minutu gutxira, auto bat bidetik atera da Itza udalerriaren parean, NA-7010 errepidearen 15. kilometroan. Errepide ondoko ezponda jo eta su hartu du. 07:24an gertatu da ezbeharra. Cordovillako suhiltzaileak, Orkoiengo medikuak, anbulantzia bat eta guardia zibilak joan dira istripua gertatu den lekura. Autoaren gidaria —28 urteko gizon bat, taxilaria—, bakarrik zihoan ibilgailuan, eta han bertan hil da. Taxiarekin lan egitera zihoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.