Indarkeria matxista

Bi pertsona hil dira Orion, hilketa matxista batean

Arrantzale kalean gertatu da. Emakumezko bat eta gizonezko bat dira hildakoak. Urkullu lehendakariak baieztatu egin du gertaera hilketa matxista gisa ikertzen ari direla

Ertzainak, estalitako gorpuen ondoan, Orioko Arrantzale kalean. GORKA RUBIO / FOKU
2023ko maiatzaren 16a
18:28
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak oraintxe baieztatu du gaur Orion «deflagrazio» bat gertatu dela. Esan dute bi pertsona hil direla horren ondorioz, emakumezko bat eta gizonezko bat.

Arratsaldeko bost eta erdietan gertatu da, Arrantzale kaleko parkean. Hainbat lekukoren arabera, bi petardo lehertu izan balira bezalako soinua entzun da. Auzoek bi pertsona topatu dituzte, hilda, buruan zauriak zituztela.

Emakumezkoaren gorpua eserlekuan zegoen, eta gizonezkoarena, lurrean.

Ertzaintzak eremua hesitu du, eta gertaturikoa ikertzen ari da. Adierazi dutenez, litekeena da pertsona horietako batek zeraman lehergailua zartatu izana. Jaurlaritzako Segurtasun Sailak adierazi du bikotea izan zirela hildakoak.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak baieztatu egin du gertaera hilketa matxista gisa ikertzen ari direla, Basaurin EAJk eginiko mitin batean. Josu Erkoreka Segurtasun sailburua zegoen mitinean.

Albiste hau osatzen ari gara. Laster informazio gehiago.

Gorka Rubio / FOKU

Indarkeria matxista dela baieztatzen bada, tankera horretako lehen hilketa izango da aurten Euskal Herrian. Iaz lau andre hil zituzten bikotekideek, eta semeak emandako tratu txarren ondorioz hil zen beste bat. 2003tik indarkeria matxistaren ondorioz 117 andrazko hil dira Euskal Herrian, eta 11 haur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.