Bi pertsona etxegabetu dituzte Erandion, eta beste bi atxilotu

70 urteko emakume bat eta haren iloba kaleratu dituzte. Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak protesta bat antolatu du.

Ertzainak, gaur goizean, Erandioko Astrabudua auzoan. GEDAR
Ertzainak, gaur goizean, Erandioko Astrabudua auzoan. GEDAR
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 12a
11:30
Entzun

Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu gaur 08:30 aldera, etxegabetze baten harira antolatutako protestan, Erandioko Astrabudua auzoan (Bizkaia). Agintaritzaren kontrako atentatua egitea eta agintaritzari aurre egitea leporatzen diete, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak antolatu du protesta. 70 urteko emakume bat eta haren iloba kaleratu dituzte. Goizeko lehen orduan hainbat lagun etxebizitzaren ezkaratzaren aurrean bildu dira, etxegabetzeak gelditzeko eskatzera. Ertzaintzak handik kendu ditu. Gero, Ertzaintzak etxebizitzaren sarrerak itxi, eta etxean gotortutako Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideak kanporatzen hasi da. 

Sindikatuaren arabera, emakumeak 7.000 euroko mailegu bat eskatu zion Tu Mejor Prestamo enpresari, eta, mailegua emateko, enpresak behartu egin zuen etxea berme gisa jartzera. Sindikatuak zehaztu duenez, emakumeak %69ko desgaitasuna du, eta alargun pentsioa da haren diru sarrera bakarra, hilean 700 euro ingurukoa. Azken urteetan emakumeak ez ditu ordaindu maileguaren kuota batzuk, eta luzapenak aplikatu dizkiote. Emakumearen kalteberatasunari buruzko azken txostena, ordea, kontrakoa izan da, eta etxegabetu egin dute. Eskuan poltsa batzuk zituztela atera dira etxetik.

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuarentzat, «gehiegizko klausulak» sinarazi zizkioten. Maileguaren interesak 60.000 euroraino iritsi direla gehitu dute. Emakumeak, hain zuzen, mailegu enpresaren kontrako salaketa jarri zuen duela sei urte, maileguarekin iruzur egin ziotelakoan. Auzibidea zabalik dago, baina hura ebatzi aurretik kaleratu dituzte emakumea eta iloba, eta baliteke etxea mailegu enpresaren esku geratzea.

Emakumeari eta ilobari behin-behineko alternatiba bat bakarrik eskaini diotela salatu du sindikatuak: sei hilabetean etxe bat alokatzeko aukera. «Hori guztia etxegabetzea baino egun bat lehenago [atzo eman zizkioten giltzak]». Hain zuzen, Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak salatu du udalak sei hilabeterako etxe bat alokatzeko aukera eskaini izanak bide eman diola etxegabetzeari, «maileguaren atzerapena bertan behera geratu baitzen».

Sindikatuak ohartarazi du halako mailegu enpresek itxuraz «errazak eta azkarrak» diren maileguak eskaintzen dizkietela familia zaurgarriei, baina «etxebizitzekin negozioa egiteko iruzurra» direla. Uste dute kasu honetan negozioari eman zaiola lehentasuna, ez etxebizitza eskubideari eta, ondorioz, familia zaurgarri bat etxetik kanporatuko dutela.

Erandioko Udalak zehaztu du ekainean erabaki zutela emakumeari etxe bat uztea, eta emakumeak atzotik zituela etxe horretako giltzak; horrez gain, azaldu du emakumea ez zela bizi zen etxearen jabea, maizterra baizik, eta Eusko Jaurlaritzari eskatu diotela etxe bat eman diezaiola emakumeari. Erandioko EH Bilduk zehaztu du —etxegabetutako emakumearen gertukoek eta udal gobernuak emandako informazioan oinarrituta— udalak utzitako etxearen alokairua beste sei hilabete luzatzeko aukera izango duela, eta Eusko Jaurlaritza larrialdi kasuetarako etxe bat emateko urratsak egiten ari dela.

Mobilizazioa arratsaldean

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak erantzun dio ez diotela etxerik utzi, sei hilabetean alokairuan bizitzeko aukera eskaini baizik. Argitu du etxea emakumearena zela: «Etxea harena zen gaur arte. Hartan bizi izan da berrogei urtean. Nola jarriko luke bestela etxea berme gisa mailegua lortu ahal izateko?». Eskatu dute etxea emakumeari bueltatzeko.

Horrez gain salatu du gaurko etxegabetzea egiteko erakundeek, epaitegiek eta poliziak parte hartu behar izan dutela. Bi pertsona atxilotu dituzte —horietako bat osasun etxera eraman dute—, zortzi lagun identifikatu —horietako batzuen kontrako salaketa jarri dute—, eta «hainbat lagun zauritu dira». Erandioko EH Bilduk gaitzetsi egin du Ertzaintzak etxegabetzean izandako «neurriz kanpoko polizia jarduera».

Koalizioarentzat, onartezina da herriko bizilagun bat etxegabetu izana. Gaitzetsi egin du finantza erakundeak herritarren babesgabetasun ekonomikoaz baliatzea abusuzko jokabideak izateko: «Onartezina da 2024an jende askok etxea galtzea baldintza engainagarriak eskaintzen dituzten mailegu emaileen erruz. Mailegu azkar horiek, konponbidea eskaini beharrean, zorrak larriagotzen dituzte, eta milaka familia muturreko egoeretara eraman. Inork ez luke etxea galdu beharko jendearen etsipena ustiatzen duten finantza enpresen eskuetan erortzeagatik».

Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurriak har ditzala etxegabetzeak amaitzeko, eta zorrotz arautu ditzala «harraparien gisan jarduten duten mailegu emaileak».

Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatuak mobilizazio bat antolatu du gaurko: 19:00etan izango da, Astrabuduko Josu Murueta plazan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.