Frantziako Poliziak Jakes Bortairu eta Dominika Daguerre atxilotu ditu goizean, baina eguerdirako aske utzi dituzte, akusaziorik gabe. Baionako prokuradoreak BERRIAri jakinarazi dionez, Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektiboak salmenta espekulatibo bat salatzeko urtarrilean Hazparneko Puyo agentzian egin zuen ekintzarekin lotuak dira atxiloketak. Izan ere, agentziako arduradunak salaketa jarri zuen aire girotuko sistemaren kontrolagailua desagertu zelako. Hainbat arlotan jarduten duten militante ezagunak dira Bortairu eta Dagerre; hala nola, Ostia sareko kideak dira.
Ostia sareak agiri batean erran du urtarrilekoa okupazio «baketsu eta sinbolikoa» izan zela, eta ez zuela «makurtzerik» eragin. Ostia sareak eta Arberoa eta Etxebizitza kolektiboak «Poliziaren larderia metodo horiek» salatu dituzte. «Militanteen eta Euskal Herrian gure bizi baldintzekin kezkatuak direnen errepresioa berehala gelditu behar da», adierazi dute.
Sare militanteak Telegramen zabaldu duen mezuan salatu du eginmolde «gogorra eta onartezina» erabili duela atxiloketan parte hartu duen jendarmeriako PSIG unitateak: «Goizeko seietan sartu dira, atea kasik hautsiz, eta segidan ezarri dizkiete esku-burdinak» Hamar jendarmek hartu dute parte atxiloketan, eta etxe guzia miatu dutela erran dute. «Berriz ere errepresio gogorra salatzekoa da Ostiako militanteen kontra. Baina ez dugu amor emanen eta segituko dugu gure elkartasunezko borroka, irabazi arte!».
EH Baik ere «irmo» salatu ditu atxiloketak. «Neurrigabekeria larria iruditzen zaigu goizean goiz pertsona horien etxera jo eta horiek Baionako jendarmeriara eramatea», adierazi dute X sarean. «Aski da! Euskal Herria fase berri batean sartua dagoen honetan, iraganeko eskemen arabera jokatzen segitzen du Parisek. Euskal herritarren aurkako errepresioa erabiltzeari utzi behar dio behingoz Frantziako Estatuak». Elkartasuna adierazten diete atxilotuen senide eta lagunei, eta berehala askatuak izan daitezen galdegin dute.
Deiak eta miaketak
Maiatzean laurogei pertsonak protesta egin zuten berriz agentziaren aitzinean, eta orduan jakinarazi zuten urtarrileko ekintzaren ondotik salaketa bat jarria izan zela. Geroztik, bost lagun jendarmeriara deitu dituzte, tartean Arño Gaztanbide Aiherrako auzapeza, eta miaketak ere izan dira. «Jendarmeak inkesta handi bat eramaten ari dira, Puyo jaunaren klimatizazioaren kontrolagailua eskas omen baita», adierazi zuten orduan umorez.
Baionako prokuradorearen hitzetan Paueko (okzitania) poliziek daramate kasuaren ikerketa.