Trantsizio energetikoa

Bi parke eoliko egiteko proiektuak aurkeztu dituzte Gipuzkoan

Oleta mendian Capital Energy enpresak lau haize errotako industrialde bat jartzeko asmoa duela jakin du Azkoitiko Udalak. Urretxu eta Antzuola arteko Trekutz mendian ere bi haize errota jartzeko tramiteak hasi dituzte.

Oleta mendiaren ikuspegi bat. MENDIA.EUS
inaki petxarroman
2021eko abenduaren 9a
17:12
Entzun

Araban hainbat parke eoliko kokatzeko izandako ika-mikaren ostean, Jaurlaritzak garbi utzi zuen halako instalazio gehiago jartzea babestuko zuela, energia menpekotasuna gutxitu eta berriztagarriak bultzatzeko. Azkoitiko Udaleko (Gipuzkoa) lurralde batzordean joan den azaroaren 25ean aztertu zuten Capital Energy enpresak udal horren mendigune batean kokatzeko asmoa duen proiektua. Oraingoz, ez dago zehaztasun askorik egitasmoaren inguruan, eta EH Bilduk hainbat galdera egin dizkio idatziz Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari, egitasmo horren inguruko informazioa argitu dezan.

Besteak beste, Mikel Otero legebiltzarkideak Tapiari galdetu dio ea proiektu hori dela-eta enpresa hori Jaurlaritzarekin harremanetan jarri den. Oterok bidalitako galdera horietatik jakin denez, lau haize errotako parke eoliko bat litzateke, eta Oleta mendian ezarri nahiko lukete. Oleta mendiko tontor nagusia 837 metro ditu, eta Azkoiti eta Zumarraga artean dago. Mikel Oterok idatziz egindako galderetan Tapiari eskatzen zaio argitzeko ea zer fase administratibotan dagoen proiektua eta ea zehazki non kokatuko liratekeen haize errotak.

Jakinekoa denez, Jaurlaritzak bertan behera utzi ditu berriki Arabako Iturrieta eta Arkamuko mendiguneetan egitekoak ziren parke eolikoak. Oraingoz, baina, aurrera jarraitzen dute Labrazan eta Azazetan egin nahi dituzten egitasmo eolikoekin.

Trekutzen beste bat

Ez da Oletakoa Gipuzkoan bultzatzen ari diren proiektu bakarra. Hortik oso gertu, Urretxu eta Antzuola arteko Trekutz mendian, bi haize errota jartzeko proiektua aurkeztu dio Cilda Energy SLU enpresak Jaurlaritzari. Gipuzkoako Buletin Ofizialean argitaratu zuten proiektu horren inguruko informazioa, azaroaren 30ean. Instalazioak 12 megawatteko potentzia izango luke, aldizkarian argitaratutako informazioaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.