Bi osagile erdaldun kontratatu dituzte Zumaiako osasun etxean

Bi lanpostuek euskara jakiteko derrigortasun data dute, ordezkoek ez dute hizkuntza eskakizunik, baina.LABek salatu du ordezkapenetan hizkuntza ez dela kontuan hartzen

Medikua, udala eta hainbat herritar elkartu dira Aramaion, ordezko medikua euskalduna izan dadin eskatzeko. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Donostia
2014ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Mediku eta pediatra euskaldunen ordez bi osagile erdaldun kontratatu ditu azken asteotan Osakidetzak Zumaiako osasun etxerako (Gipuzkoa). Herritarren zein udalaren kexak eragin ditu erabakiak, baita kezka ere, ez ote den joera baten lehen pausoa izango: hizkuntza eskakizunean derrigortasun data daukate Zumaiako postuek, baina lege zirrikitu bat aurkitu dute tokiotan eskakizuna betetzen ez duten langileak jartzeko. «Agian legezkoa izango da, baina Osakidetzaren Euskara Planaren ispirituaren eta filosofiaren kontra doa», adierazi du Karlos Ibarguren Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kideak.

Zumaian gertatu da, baina antzeko dozenaka kasu daudela uste du Imanol Arruabarrenak, LABek Osakidetzan duen ordezkariak: «Hizkuntza irizpideak kontuan hartu gabe egiten dira ordezkapenak: herri guztiz euskaldunetan ere, zerrendako lehena hautatzen dute, euskalduna den ala ez begiratu gabe». Lekualdatzeen zein oporren ondoriozko hutsuneak betetzeko garaia da udaberri amaiera eta, horren ondorioz, mugimendu handia izango da egunotan herri batzuetan. Aramaion (Araba), esaterako, udarako ordezko mediku elebiduna eskatzeko bildu dira osagileak eta udala; atzo egin zuten eskaera ofiziala. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da Aramaio; udalak, Aitor Montes herriko medikuak eta hainbat herritarrek galdegin dute ordezko osagileak euskaraz jakitea.

Osakidetzan zenbat langile euskaldun dauden zehaztea zaila dela diote eragileek. Lanpostu batzuek hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data edukitzeak ez baitu esan nahi lekuok betetzen ari diren langileak euskaldunak direnik, Arruabarrenaren arabera. «Gerta daiteke langilea salbuetsita egotea euskara ikastetik, adinagatik, edo hizkuntza irizpidea ez aplikatzea ere gerta daiteke: praktikan, derrigortasun data igarota, hizkuntza eskakizuna ez edukita ere, ez dute inor postuz mugitzen». Alegia, lanpostu batera sartzerakoan baino ez da kontuan hartzen hautagaiak hizkuntza eskakizuna duen. Eta ez beti. «Oro har, kontratu laburretan kontratazio behin-behinekoak egiten ari da Osakidetza. Ezohiko lan zama dagoen uneetarako pentsatua dago formula hori; beraz, kontratua ez da plaza bati lotuta egiten. Eta hizkuntza eskakizunak postuei lotuta daude. Hori gertatu da Zumaian».

Herritarren, udalaren eta sindikatuaren kexak direla eta, Osakidetzako arduradunek erantzun dute zerrendako lehen langilea hartu dutela, baina argudio hori «tranpa» dela uste du Ibargurenek: «Zilegi da zerrendan behera egitea: hizkuntza eskakizuna daukan zerrendako lehena kontratatu behar dute». Arruabarrenak erantsi du «sistematikoki» jarduten dela hala: «Ez dira euskaldunak bilatzen saiatzen».

Euskara lehenetsi behar

Ibargurenek gogora ekarri du Osakidetzako euskara plan berriak emana duela halako egoeretarako konponbidea, baina gauzatzeko bidea «blokeatuta» dagoela. «Lehentasunezko unitateetan —herri euskaldunetan eta zuzeneko arretako zerbitzuetan— euskara jakitea lehenetsi behar dela dio planak, baina hori aplikatzeko baldintzak mahai sektorialean hitzartu behar dira, eta orain ez dago adostasunik».

Borondatea falta dela uste du LABeko kideak: «Erabaki hori betetzen ari dira borondatea dagoen tokietan». Bat dator Ibarguren. Zerbitzua eta arreta euskaraz eskaintzeko baliabiderik ez jartzeak errespetu falta dakarrela gaineratu du. «Hainbat lekutan jendeak medikua aldatzeko eskatu du, arreta euskaraz jaso ahal izateko. Pentsa norbaitek hori egin duela Zumaian, eta osagile euskalduna lortu ostean, oraingoa erdalduna dela. Ez da serioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.