Nafarroako sektore politiko batzuei bizkarra emanda eta herritarrei galdeketarik egin gabe jaio zen Foru Hobekuntza, eta 40 urtez ezin izan da hasierako harlauza hori mugitu. Horrek ez du esan nahi, ordea, lau hamarkadatan aldatu ez denik. 2001ean zein 2010ean bi erreforma egin zitzaizkion. Jatorrizko testuari egindako bi orrazkera baino ez dira izan. 2005. eta 2006. urteetan, Nafarroako Parlamentuan saiakera bat egin zen sakoneko erreforma baten aukera aztertzeko, baina porrot egin zuen.
Trantsizioan, lau erkidegotan deitu zitzaien herritarrei erreferendumera, estatutuari buruzko iritzia eman zezaten: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Katalunian; Galizian; eta Andaluzian. Gerora, beste erkidego batzuk ere galdeketaren formula erantsi dute: Valentzian, Kanaria uharteetan, Extremaduran eta Aragoin. Nafarroan ez da hori aldatu, baina talde batzuek ezinbestekotzat jotzen dute.
Prozedurari dagokionez, hainbat berezitasun ditu Foru Hobekuntzak gainerako estatutuen aldean. Hasteko, testuak ez du zehazten zer urrats egin behar diren erreforma bat egiteko. Bigarrenik, Nafarroako Parlamentuak ez du eskumenik Foru Hobekuntzaren erreforma baten ekinaldia hartzeko. Hala, legebiltzarrak abia dezake Espainiako Konstituzioa moldatzeko prozedura bat, baina bere konstituzioa moldatzeko ahalmenik ez du. Egia da politikoki akordio zabal bat lortuz gero horrek indar handia lukeela eztabaidari ekiteko, baina juridikoki mozio bidez egin behar lieke eskaera bi gobernuei. Hori baita berezitasun nagusia: Nafarroako eta Espainiako gobernuen esku dago Foru Hobekuntza aldatzeko prozedura. 1982an bezala. Eskuinak egindako izaera itunduaren analisian oinarrituta.
Lehen moldaketa 2001ean egin zen. 1982ko Foru Hobekuntzako 29. artikuluak Nafarroako Gobernuko lehendakaria ezartzeko sistema berezia ezartzen zuen: lehenik, bi bozketatan gehiengo osoa lortzea exijitzen zen; ondorengo bi bozketatan gehiengo sinplea eskuratu behar zen; azken aukera zen, automatikoki, parlamentuan eserleku gehien zuen alderdiko hautagaia izendatzea. Azkeneko hori muturreko aukera gisa aurreikusi zen. Alta, Nafarroaren errealitate soziologiko askotarikoaren ondorioz, izendapen automatikoa ohiko bihurtu zen ondorengo legealdietan. Hauteskundeetako irabazleak beti zuen komodin hori: gehiengo sinplerik izan ezean, automatikoaren botoia sakatu zezakeen. 2001ean hori aldatzea onetsi zuten bi gobernuek.
Hurrengo aldaketa 2010ean etorri zen. 1980ko hamarkada hasieran ezarri ziren estatutuetan, Espainiako Gobernuak behartu egin zuen erkidegoetako hauteskundeak lau urtean behin ezartzera, eta Nafarroan ere inposatu egin zen gobernuak parlamentua deseginez gero hurrengo bozak legealdi naturalaren amaieran berritzea eta ez lau urte geroago. 2010ean, baina, muga hori kendu, eta onartu egin zen Nafarroako Gobernuko lehendakariak hauteskundeak aurreratu ditzakeela eta hurrengo legealdiak lau urte iraun ditzakeela. Miguel Sanzen eta Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuek hitzartu zuten hori, beste hainbat aldaketa teknikorekin batera.
Bi erreformek Nafarroako sistema politikoan ondorioak izan dituzte. Batik bat, gobernua osatzeko aliantzak bilatzea ezinbesteko egin du. Alta, ez da sakoneko aldaketarik egin. Horretarako ahalegina seigarren legealdian egin zen. 2004tik 2005 bitartean, autogobernuari buruzko lantaldean taldeek euren proposamenak ekarrizituzten hizpidera. Batasuna legez kanpo zegoenez, ezker abertzaleak ezin izan zuen parte hartu.
Lantaldearen edukia
Orduko proposamenek balio dute ikusteko zer proposatu zuen talde bakoitzak. UPNk, esaterako, aldaketa bakarra baino ez zuen egin. Bigarren xedapen gehigarriak ezartzen du Nafarroako Parlamentuaren eskumena dela aktibatzea Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra, Nafarroak euskal estatutuarekin bat egiteko aukera jasotzen duena. UPNk proposatu zuen, hain justu, hori indargabetzea.
PSNk proposatu zuen aurrerantzean ere Nafarroa «erkidego berezitu» izatea, baina prest agertu zen oraindik falta diren eskumenen transferentzia garatzeko, Foru Hobekuntza edo Hitzarmen Ekonomikoa berritzeko ekinbidea parlamentuaren esku uztea. Proposamena nahiko orokorra zen.
Nafarroako Ezker Batuak bultzatu zuen lantaldea, eta hangokoordinatzaile izan zen Miguel Izu parlamentaria. EBk proposatu zuen, besteak beste, euskara hizkuntza ofiziala izatea Nafarroa osoan, eta Foru Hobekuntzari buruzko erreferenduma egitea.
Bi proposamenik osoenez, berriz, EAJ eta Aralar mintzatu ziren. Jeltzaleen kasuan, Ibarretxe planaren garaiak ziren. Besteak beste, proposatu zuen Hego zein Ipar Euskal Herriko lurraldeekin harremanak areagotzeko instrumentuak garatzea eta nazioartean zein Europako Batasunean ordezkaritza izateko aukera jasotzea. Halaber, Nafarroaren eta estatuaren harremanak orekatzeko sistemak planteatu zituen.
Aralarrek, oro har, autogobernuan sakonduz foraltasun kontzepzioa astintzeko proposamen landua egin zuen. Bertan azpimarratzen zuenez, «Nafarroako herritarrei dagokie beren estatusari eta beren etorkizunari buruzko erabaki politikoa». Era berean, beste euskal lurraldeekin «esparru politiko komun bat eratzea» proposatu zuen, «beren ahalmen politikoan hala erabakiz gero». Ildo beretik, EBko erabaki guneetan parte hartzea, estatuarekiko harreman boterea orekatzea eta estatuaren esku hartzeei aurre egiteko mekanismoak izatea proposatu zuen, besteak beste.
Lantaldea akordiorik gabe amaitu zen. Etorkizunera begira, eztabaidari begira aktore nagusien borondatea eta proposamena non dauden adierazten dute.
Bihar: Gaur egun, eta etorkizunera begira, erreformarako aukerak.
Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena (III). Eratze prozesua
Bi orrazkera eta porrot bat
Foru Hobekuntzak orain arte bi erreforma izan ditu, baina aldaketak txikiak izan dira. Seigarren legealdian parlamentuan lantaldea osatu zen, baina porrot egin zuen, akordiorik ez baitzuen lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu