Bi mendizale gipuzkoar hil dira Mont Blanc du Tacul mendian, Frantziako Alpeetan. 26 urte zituen batek, eta 27 urte besteak; BERRIAk jakin duenez, Oiartzungoa da bat, eta Usurbilgoa bestea, baina Lezon bizi zen. Tontorretik jaisten ari zirela izan dute istripua, Gervasutti bidean rappel egiten ari zirela. Efe albiste agentziak argitaratu duenez, ehun metro ingurutik erori dira, zergatik ez dakitela. Haiekin zen beste mendizale bat bizirik atera da; hura ere Oiartzungoa da. Herriko alkate Joana Mendibururen esanetan, ospitaleratuta dago, baina «ondo».
Ezbeharra arratsalde hasieran gertatu da, eta, azaldu dutenez, Jendarmeriaren goi mendiko erreskate taldearen Chamonixeko adarra arduratu da bi mendizaleen gorpuak erreskatatzeaz; Dragon 74 helikoptero bat eta mediku bat ere aritu dira lanean eremuan. Hain zuzen, Chamonixera eraman dituzte bi gorpuak.
Mont Blanc du Tacul mendiak 4.248 metroko garaiera du, eta Maudit eta Aiguille du Midi tontorren artean dago. Hara igotzeko bideetako bat da Gervasutti, eta eskalatu beharreko 900 metro inguruko bidea da. Eremu horretan gero eta ohikoagoak dira izotz blokeak zatitu eta erortzea. Esaterako, abuztuaren 5ean izotz jausi bat izan zen inguru horretan: pertsona bat hil zen, bi desagertu eta beste lau zauritu. Halere, jendarmeen arabera, ezbehar hau ez da zehazki leku berean gertatu.
Doluminak
Ezbeharraren berri izandakoan, herri horietako udalek samina adierazi dute gertatutakoagatik: Mendiburuk berak, Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak doluminak eman dizkiete mendizaleen senide eta lagunei. Euskadi Irratian azaldu dute izapide administratiboak azkartu dituztela hiru mendizaleak Frantziatik Euskal Herrira ahalik eta azkarren ekartzeko. Xn ere txio bana eskaini diete gertukoei.
Mendiburuk aitortu du gaztearen heriotza «atsekabe handia» izan dela herritar guztientzat. «Herriko elkarte desberdinetan parte hartutako pertsona zen eta, bere gaztetasunean ekarpen handiak egindakoa», adierazi du alkateak. Ohar bidez, udaletik jakinarazi dute baliabideak eskaini dizkietela biktimei: «Udala hildako eta zauritutako oiartzuarren familiekin harremanetan jarri zen atzo, herri bezala, gertaera lazgarri hau pairatu duten familiei behar duten elkartasuna adierazi eta laguntza eskaintzeko, izapide administratiboak ahal den neurrian arintzeko edota beharko luketen laguntza psikologikoa beraien esku jartzeko». Aldi berean, beraien «espazio intimoa» errespetatzeko eskatu dute udaletik: «Oiartzunek eta oiartzuarrek espazio seguruak eskaini behar dizkiete hurbilenekoei agurra egiteko eta horrelako une zailetan agertzen diren sentimenduak adierazteko».
Oiartzungo hildakoaren senideak Mont Blanc ingurura joan dira bart gauean. Udalak hildako eta zaurituaren senideei «izapide administratiboak ahal den neurrian arintzen» lagunduko diela jakinarazi du.
Arrutik dolumina eta babesa adierazi dizkie mendizalearen familiari eta gertukoei: «Beti da gogorra istripu baten ondorioz inor hil dela jakitea, baina are gogorragoa da bi gazteen heriotzaz hitz egiten ari garenean». Hildakoaren amarekin hitz egiteko aukera izan zuen, doluminak adierazteko eta «ahal den laguntza guztia» emango diela agindu du.
Halaber, Solabarrietak ere «dolumin sentikorrenak» adierazi dizkio Usurbilen bizi zen biktimari. «Hunkidura, tristura eta mina eragin du 27 urteko gaztearen heriotzak», gehitu du Usurbilgo alkateak.
Oso hunkituta eta bihotza uzkur gaude Alpeetatik jaso berri dugun albiste tristeagatik. Gobernu talde osoaren izenean gure doluminik sentituena adierazi nahi diet oiartzuar gaztearen sendiari eta hurbileko lagunei.
— Joana Mendiburu (@JoanaMendiburu) August 21, 2024
Bi mendizale gipuzkoar hil dira https://t.co/QbtSJkuPPe
Albiste lazgarria Mont Blanc ingurutik Lezora iritsi zaiguna. Eskualdeko bi mendizale gazte hil dira, horietako bat herrikidea.
— Mikel Arruti Salaberria (@ArrutiMikel) August 21, 2024
Doluminik sentikorrenak bi gazteen senide eta lagunei.
Lurrak goxo har ditzala.https://t.co/AUKkmRTXfm
Albiste mingarria jaso dugu gaur Usurbilen. Hunkidura, tristura eta mina eragin du 27 urteko gaztearen heriotzak. Dolumin sentikorrena etxekoei eta lagunei! https://t.co/LUH9nlG2Xk
— Agurtzane Solaberrieta (@AgurtzaneSola) August 21, 2024
Gaur, beste bi mendizale ere hil dira Alpeetan, Tournette mendia igotzen ari zirela. Haien soka askatu egin da, ez jakin zergatik.