Makinak lanean jarraitzen dute Iruñeko Arantzadi meandroan. Atzo ere goizeko zortzietan iritsi ziren, baina protestagileak bertan zeuden baratzeak suntsitzea eragozten saiatzeko. Espainiako Polizia laster iritsi zen bertara, eta protestan zeuden bi lagun atxilotu zituen. Bere burua makina batera kateatzeagatik atzeman zuten bat, eta baratzeetatik irten nahi ez zuelako bestea. Alberto Iglesias da atxilotuetako bat. Asteartean ere atxilotu zuten, eta azken hilabeteetan, baratzeak berreskuratzeko lanean aritu da Arantzadin. Beste lagun bat ere identifikatzeko eraman zuten polizia etxera.
Iruñeko Udalaren hirigintza plana aurrera doa. Oztopoak oztopo, makinek lurra mugitzen jarraitzen dute, eta atzo Aldaia baratzea suntsitu zuten. Arantzadi Auzolanean taldeak elkarlanean landutako baratzea zen, eta bertan egin zuten protesta taldeko kideek. Espero zuten Agustin Beroizen baratzean sartuko zirela makinak atzo, baina azkenean induskagailua taldearen baratzean sartu zen. Indarka, negarrez atera zituzten kideak baratzetik, eta negar egiteko zorian azaldu zuten gertatutakoa. «Auzolanean egindako guztia galdu dugu. Lur emankorrak lapurtu dizkigute», esan zuen taldeko kide Eider Larripak.
Iruñeko Udalak parke bat eta baratzeen interpretazio zentro bat egin nahi ditu Arantzadiko meandroan. Baina Arantzadi Auzolanean taldeko kideen aburuz,eremua bada parkea jada, eta ez da beharrezkoa meandroa suntsituko duen parkerik. «Krisi garaian, gainera, lurra lantzeak izan beharko luke garrantzitsuena», uste du Larripak: «Laborantza ekologikoan aitzindari diren zenbait nekazari daude bertan».
Protesta ez da amaitu
Atzo, elkarretaratzea egin zuen taldeak Iruñeko udaletxe plazan. Udalaren proiektua salatu nahi zuten kideek bertan, baina, atzo goizean gertatutakoa ikusita, baratzeetara joateko eskatu zieten elkartutako guztiei; 150 pertsona inguru bildu ziren udaletxe plazan, eta haietako asko joan ziren baratzeetara. Han zegoen Agustin Beroiz nekazaria, bere baratzean, kasik mugitu ere gabe: «Hil edo bizi defendatuko dut nire tokia».
Arantzadi Auzolanean plataformarentzat, protesta ez da amaitu. Ekainean hasi ziren proiektuaren aurka lanean, eta jakinarazi dute egunero jarriko direla makinen aurrean. Hurrengo ekintza etzi egingo dute. Tokiko hazien trukea, tomate ekologikoen dastaketa, bazkaria eta kontzertuak antolatu dituzte. Oraindik ez dute argi non izango den festa. «Hasieran, Aldaia baratzean egin behar genuen, baina, suntsitu egin digutenez, beste txoko bat bilatu beharko dugu», azaldu du Larripak: «Baina, dudarik gabe, Arantzadin izango da».
Bi lagun atxilotu dituzte Arantzadiko protestetan
Baratzeetako obrak oztopatzen saiatzeko, makina batera kateatu da atxilotu duten protestagileetako bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu