Krisia Nafarroako Gobernuan

Bi kale, hirugarrenean bale?

Hamar urtean behin sortzen diren abagune historiko horietako bat ireki da. 1996an Suitzako kontuek eta 2007ko PSOEren erabakiak UPNren hegemonia aldatu eta bestelako etorkizuna eraikitzeko aukera zapuztu zuten.

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Espresio higatua badago ere, Nafarroan hamar urtean behin sortzen ohi diren abagune historiko horietako bat ate-joka dago berriz ere. Ez da gutxi. Euskal abertzaletasuna zein ezkerreko indarrek ordezkaritza zabala izanagatik, sistematikoki baztertuak eta gutxietsiak izan dira. UPNk azken 30 urtetan CDNrekin eta batez ere PSNrekin jakin izan du gehiengoak osatzen eta fabore tratuetan oinarritutako sistema oso bat administratzen. Etxalde baten tankera duen erregimen horretan pitzadurak azaldu dira, eta aspaldi ikusi gabeko baldintzak daude etxaldea eraitsi zerbait berria eraikitzeko.

Aukera egoteak ez du esan nahi erraza izango dela. Oposizioko alderdiek ondo dakite okerrak oso garesti ordaintzen direla, eta itzaletan ezkutatzen diren egungo sistemaren onuradun nagusiek eginahalak eta bi egingo dituztela denak berdin jarraitu dezan. Hori dio historia garaikideak. Baldintzak ez dira berdinak, baina haren irakaspenak aintzat hartzeko moduko oharrak uzten ditu:

1996

Gabriel Urralbururen aroa amaituta, UPNk 1991n boterera heltzea lortu zuen, alderdiko fundatzaileen (Jesus Aizpun eta Rafael Gurrea) eta batez ere bigarren belaunaldi berri baten eskutik (Juan Cruz Alli eta Miguel Sanz). Alli lider distiratsua zen, eta legealdi hartan UPNri bestelako aire batzuk ematen saiatu zen. Betiko diskurtso nabarrista zaharberritu eta euskal munduari keinuak egin. Bere lidergoak itsututa, Allik ez zituen ondorioak ondo neurtu eta ez zuen ikusi arerio nagusia etxean zuela: Corella futbol taldeko aurrelari izarra izandakoa, Miguel Sanz. UPNtik atera eta zentroko proiektua sortu zuen: CDN alderdia.

Hala, 1995ean bidegurutze horietako batean aurkitu zen Nafarroa. Hauteskundeetan UPN lehen indarra izanagatik, bere eragina saihesteko formula erabili zuten PSNk, CDNk eta EAk. Ordura arte inoiz ikusi gabeko hiruko gobernu hark etorkizuna baldintzatzeko atea irekitzen zuen. Presidentea Javier Otano sozialista zen. Begoña Erraztiren EAk bi legebiltzarkide eskasekin aukera ondo baliatu zuen, eta 1996ko maiatzean hiruko Gobernu hark Euskal Autonomia Erkidegoarekin elkarlana sustatzeko Organo Komun Iraunkorra bultzatu zuen. Proposamen hark Pandoraren kutxa ireki zuen.

Organo Komuna UPNren beldur guztien hezur mamitzea zen:«Organo politiko horren aurka gaude biharko egunean Euskal Herriko Kontseilua deituko delako». Maltzurki, Sanzek Otanori proposatu zion gai zehatzetan soilik lankidetza hitzarmenak jorratzea. Agintari sozialistak ez zion jaramonik egin. Etorkizunak erakutsi du zenbateko balioa zuen Sanzen proposamenak.

1996ko ekainaren 11n, parlamentuaren gehiengoak onartu zuen egitasmoa, baina UPNk karta bat gordeta zuen. Parlamentuko eztabaidan, Sanzek Otanoren dimisioa eskatu zuen: «Zure dimisioa eskatzen dut, zure jarrera etsigarria delako, Nafarroak ez baitu egonkortasuna irabaziko». Egonkortasunaren monopolioa eduki du beti UPNk. Otanok erantzun zion soilik joango zela Parlamentuaren konfiantza galtzen bazuen». Hitz profetikoak.

Handik, zortzi egunera, Diario de Navarra-k argitaratu zuen Javier Otanok Suitzan kontu korronte bat zuela. Euren etsipena azaldu ostean, ustelkeria kasu hartatik onik ateratzen ahalegindu ziren CDN eta EA, baina ezin izan zuten ezer egin. PSNk erabaki zuen oposiziora pasatzea. Lehen indarra, UPN, berehala mugitu zen, eta presidentetza exijitu zuen. Sanzen arabera, CDNk eta EAk ez zuten zilegitasunik gobernuan jarraitzeko.

Uda bat soilik iraun zuen hiruko gobernuak. Irailaren 11n, Miguel Sanzen inbestidura saioa egin zen. PSNk aukera izan zuen UPNren erronkari eusteko, baina ez zuen egin. Fernando Tejeduraren aginduz, PSN abstenitu egin zen. Halaxe iritsi zen presidentetzara Miguel Sanz. Bere lehen gobernu hartan, independente gisa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun bat sartu zen: Yolanda Barcina Angulo.

Hiruko gobernuaren hausturak UPNren zikloa ireki zuen. Bertan, PSN gobernuaren makulu izatera eta Sanzek eraikitako erregimenaren onura ekonomikoak profitatzera mugatu da. Sanzek, berriz, boterea administratzen jakin zuen: Nafarroako Kutxaren eta Iruñeko Kutxaren fusioa bultzatu zuen, eta CAN izeneko aurrezki kutxa berria erregimenaren motore ekonomikoa bihurtu zen. Aurrezki kutxarekin, sozietate publikoekin eta gobernuarekin denentzat zeuden karguak banatzeko. Oposizioan hotz egiten duenez, Juan Cruz Alliren CDN ere hurbildu zen etxaldearen babesera. CEN patronala edo CCOO zein UGT sindikatuak bezala. Hori bai, etxaldearen giltza eta kontrola UPNk zuen. Boterea izateko boterea banatzen jakin behar da.

2007

Hamarkada bat boterean egin eta gero, ordea, guztia kolokan geratu zen. Ezker abertzalea legez kanpo, atomizatuta zegoen esparru abertzalea Nafarroa Bai koalizioan bildu zen, eta 2003tik 2007rako legealdian UPNk eta CDNk euren gehiengoa baliatu ostean, PSNk gobernu aldaketaren ideiarekin jolas egin zuen. 2007ko maiatzaren 27ko hauteskundeetan UPNk eta CDNk ez zuten gehiengoaren atarian geratu ziren, eta gobernura iristeko atea zabaldu zitzaien NaBairi, eta Nafarroako Ezker Batuari.

Haatik, Carlos Chivite idazkari nagusiaren eta Fernando Puras hautagaiaren PSNrekin negoziatu behar izan zuten. Gorabehera handiko negoziazioak izan ziren haiek. Nafarroako buruzagiez ez zirenez erabat fidatzen, Ferrazek Alfonso Arroyo bidali zuen. Purasen aholku emaile gisa aurkezten zen gizon burusoila memoria kolektiboan iltzatuta geratu zen.

Gobernu aldaketaren hausturak beldurra eragin zuen Nafarroako botere guneetan. Enrique Goñi CANeko zuzendariak, kasu, NaBaiko agintariekin bildu zen kutxan jarraituko ote zuen jakiteko. Ezezkoa jaso ostean, ez zen sekula gehiago bilduko.

Haatik, komunikabideen fokuetatik at, Miguel Sanz mugitzen hasi zen. Antonio Catalan AC Hoteleseko enpresaburu corellarrarengana jo zuen. Jose Luis Rodriguez Zapateroren lagun mina izaki, Catalanek Jose Blancorekin harremanetan jarri zuen Sanz. Politikari correllarrak UPNren eta PPren arteko ituna haustearen truke, UPNk gobernuan gobernatzen jarraitu ahal izatea eskaini zion. PSOEk Sanz estutu nahi izan zuen. Bake prozesuan, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ondo gogoan zuen Sanzek eta Mariano Rajoyk Nafarroa ez da saltzen lelopean hilabete batzuk lehenago Iruñean antolatu zioten manifestazioa. Sanzi izerdia isurarazi ostean, mendekua aseta eta PPren burua moztuta, Nafarroa sakrifikatzea erabaki zuen berriro PSOEk.

Emaitza ezaguna da. 2007 abuztuan Puras eta Chivite NaBai eta IUNekin lortutako hitzarmena besapean zutela jo zuten Ferrazera eta Blancoren ezezko biribilarekin itzuli ziren. PSNk egoitzako pertsianak jaitsi zituen abuztuan protesten oihartzuna ez entzuteko. Purasek dimisioa eman zuen eta handik hilabete gutxira Chivite bat-batean hil zen bihotzekoak emanda. Bere ordez, zerrendetako bederatzigarren postuan zegoen sozialista gazte bat izendatu zuten idazkari nagusi: Roberto Jimenez. Bere eskutik, aldaketaren izenean, CDNren bidea hartu zuen PSNk, gobernura iritsi arte.

Akordioaren bigarren zatia betetzea falta zen. 2008ko irailean,Sanzek hitza bete zuen eta PPrekin zuen ituna auzitan jarri. Handik bi hilabetetara, ituna hautsi zuten. PPk ez zuen ahaztuko. Ordura arte, bere ekitaldi politiko batzuk Antonio Catalanen hoteletan ospatu bazituen, betoa ezarri zioten. Berdin zion. Egonkortasunaren izenean, Sanzek botereari eustea lortu zuen, baina oinordetza zaila utzi zion Barcinari. Krisiak banatzeko dirua nabarmen murriztu du, eta Barcinaren ezintasunak egoera okertu du. Une historikoa zabaldu da. Bi kale, hirugarrenean bale?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.