Bi irakasleek epaileari azaldu diote soilik «tutore lanak» egin zituztela

Hasi da Enrike Antolin eta Xabier Aierdiren aurkako epaiketa; prebarikazioa egotzi diete, bi deportatu ikasle gisa izateagatikAkusatuek eta lekukoek diote matrikulazio irizpideak ez dituztela irakasleek zehazten

Enrike Antolin eta Xabier Aierdi, atzo, Bilboko epaitegian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2013ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Enrike Antolin eta Xabier Aierdi EHUko irakasleek bi deportaturen tutore lanak ahalbidetu eta egin zituztela onartu dute euren kontrako epaiketaren lehen egunean. Hori beren lanaren zati bat dela ohartarazi dute, eta, beraz, beren betebeharra besterik ez zutela egin. Ohi bezala, prozedura arruntean ikasten duten ikasleen zerrendez gain, egoera berezia duten ikasleena ere jaso zuten irakasleek, epaileari azaldu diotenez. Horiek guztiak ziren beraien ikasle EHUren aginduz, eta beren lana beteta, guztien irakasle edo tutore izan ziren, ohi bezala.

Belen Gonzalez Peñalva eta Angel Maria Lete deportatuak beren ikasle gisa hartzeagatik prebarikazio administratiboa egin izana egotzita epaitzen ari dira bi irakasleak Bilboko epaitegian. Fiskalak zortzi urteko inhabilitazioa eskatu du bakoitzarentzat, eta AVT eta Voces Contra el Terrorismo elkarteek, zeinak akusazio partikular gisa ari diren, bederatzina urtekoa.

EHUren agindua

Bi deportatuak beren ikasle izatea ez zutela eurek aukeratu adierazi dute akusatuek. Haiek EHUn matrikulatzeko erabakia ere ez zutela eurek hartu. Erabaki hori EHUko errektoretzari dagokiola azaldu dute, eta irakasleek ez dutela erabakian parte hartzeko aukerarik. «Gu ez gara nor erabaki hori zalantzan jartzeko», azaldu diote epaimahaiari.

Epaituetako bat, Enrike Antolin, Gizarte eta Komunikazio Zientzietako Fakultateko dekanordea izan zen 1998az geroztik. Azaldu duenez, Manuel Monterok, orduko dekanoak, egoera bereziko ikasleen kudeaketa beren esku utzi zuen. «Gustatu edo ez niri zegokidan lana zen, arautua zegoen, eta onartu behar nuen», esan du Antolinek.

Egoera bereziko ikasleen barruan nortzuk onartzen ziren erabakitzea ez zegokiola berari esan du Antolinek. Agindu hori EHUk ematen zuela, eta presoak zirela ikasle horietako gehienak. «Nahi edo ez», ikasle gisa onartutako pertsona guztiek dagokien formazioa jasotzeko «eskubidea» dutela zehaztu du. Kargua hartu zuenean bi mila ikasleren gaineko ardura zuela azaldu du, eta horietako 80 zeudela egoera berezian.

Ikasleen matrikulaziorako irizpideen berririk ez zuela ere adierazi du akusatuak, horren gaineko eskumenik ez zuelako. «Lete 80 ikasle horien zerrendako beste bat zen».

Xabier Aierdik berretsi egin du bi deportatuak egoera bereziko ikasleen zerrendan gainontzekoak bezala jasota zeudela. Horien tutore izateko agindua EHUk eman ziola, eta horixe besterik ez zuela egin: ikasketa tutore izan, haiei ikasgaien programa helarazi eta ikasgaiak gainditzeko moduen berri ematea.

Ikasleak matrikulatzeko irizpideak ezartzea ez dagokiola berari azaldu, eta Letek aurrez ere bide bera erabilita beste karrera bat egina zuela gogoratu du: «Nik zerrendak jasotzen ditut, eta pentsatzekoa da ikasleek matrikulaziorako baldintzak betetzen dituztela».

Manuel Montero lekuko gisa aritu da; Montero garai hartan bi irakasleen dekano eta gerora EHUko errektore izan zen. Haren hitzetan, egoera bereziko ikasle gehienak euskal presoak ziren, eta 1988. urtetik indarrean zegoen programaren «ondarea» zen sistema hura. Tartean deportatuak zeudela ez zekiela deklaratu du, baina ez duela uste programa deportatuei hedatzea legez kanpokoa izango zela.

Bestalde, irakasleen eginbeharra matrikulatutako ikasleek formazioa jasotzea zela adierazi du; «haien lana ez zen matrikulaziorako irizpideak berrikustea», azaldu du.

Monterori berari «deserosoa» egiten zitzaion euskal presoei EHUn ikastea ahalbidetzen zion programa. Hori dela eta, errektoretzara iritsi zenean, gaia auzitara eraman zuela gogoratu du. «Auzitegi Gorenak ebatzi zuen EHU ondo ari zela».

Babes handia

Babestuta joan dira akusatuak epaitegira ahozko saioaren lehen egunean. Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Carmelo Garitonaindia errektoreordea eta Juan Ignazio Perez Iglesias errektore izandakoaren laguntzarekin sartu dira auzitegira. Atarian, EHUko dozenaka irakasle zituzten zain, eta txalo artean hartu dituzte epaituak. Bi irakasleak errugabeak direlaazaldu dute bi errektoreek: «Epaiketa hau aldresbekeria da; gure bi irakasleek guk egunero egiten dugun lana besterik ez dute egin», adierazi du Goirizelaiak. «EHUk dozentzia emateko beharra du bere autonomian oinarrituta». Hortaz, akusatuen aulkian edozein irakasle egon zitekeela ohartarazi du: «Gutako edonor egon gintezkeen egoera horretan. Guztiok gara Enrike Antolin eta Xabier Aierdi».

Abisu bera eman du Perez Iglesiasek, beste gogoeta baten ondoren: «Benetan, unibertsitatearen autonomia jarri nahi dute kolokan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.