Nafarroako Gobernuko osasun sailak jakitera eman duenez, gaur arratsaldean bi gaixo gehiago hil dira herrialdean Covid-19aren ondorioz. Gaur goizean hildako 69 urteko gizonari gehituta, zortzi dira jada Nafarroan birusak eragin dituen hildakoak.
Arratsaldean hildako biak ere adinekoak ziren. 88 urteko gizona zen bat, eta joan den martxoaren 12tik zeraman ospitaleratuta. Bestea, berriz, 73 urteko emakumea zen, eta hiru egun eskas zeramatzan ospitalean. Biek gaixotasun kronikoak zituzten aurretiaz.
Oraingoz, Nafarroan 593 pertsonak eman dute positibo koronabirusaren frogan; atzotik, 111 gehiagok. Horietatik 195 ospitaleratuta daude, 21 zainketa intentsiboen unitatean. Beste 398ak, berriz, etxean ari dira berrogeialdia egiten.
Pare bat aste goia jotzeko
Santos Indurain Nafarroako Gobernuko Osasun sailburuak egin du datu berrien balorazioa. Aitortu du geroz eta positibo gehiago ari direla erregistratzen, eta egoera «oso serioa» dela. Gainera, gehitu du datozen pare bat asteetan oraindik «nabarmen» egingo duela koronabirusa duten pertsonen kopuruak: «Aurreikuspenen arabera, goranzko joera ez da aldatuko datozen 10-15 egunetan gutxienez».
Positiboen agerraldi berri honek, bereziki, adineko pertsonei eragiten diela esan du, are eta gehiago aurrez patologiak badituzte. Bestalde, nafarroan pertsona bati alta eman diotela adierazi du, dagoeneko sintomarik ez zuela eta.