Bi hamarraldi bete ditu euskararen ikerketa «klusterizatuak»

Soziolinguistika Klusterrak hogei urte konplitu ditu; alorreko ikertzaileen habia da, euskalgintzarekin lankidetzan, zubi lana egiten baitu euskararen biziberritzean ari diren eragileen artean.

Klusterraren aurkezpena, 2004ko martxoaren 30ean. Xabier Isasi, Rosa Ramos, Jose Inazio Marko, Iñaki Martinez de Luna, Imanol Larrea, Julen Axolaleiba, Aizpea Leizaola, Pablo Suberbiola eta Xabier Azkue. IMANOL OTEGI / FOKU
Klusterraren aurkezpena, 2004ko martxoaren 30ean. Xabier Isasi, Rosa Ramos, Jose Inazio Marko, Iñaki Martinez de Luna, Imanol Larrea, Julen Arexolaleiba, Aitzpea Leizaola, Pablo Suberbiola eta Xabier Azkue. IMANOL OTEGI / FOKU
arantxa iraola
2024ko abuztuaren 8a
05:00
Entzun

Bederatzi laguneko bulego tekniko bat dira, eta Andoainen dute egoitza nagusia (Gipuzkoa), euskalgintzaren bihotzetako batean: Martin Ugalde kultur parkean. Praktikan, ehunka ikertzaile eta eragile mugitzen dira Soziolinguistika Klusterraren inguruan, eta esparru askotara zabaltzen da haien jarduna, Euskal Herri osoan. Erakundeak hogei urte konplitu ditu. 2004ko martxoaren amaieran egin zuten hura aurkezteko agerraldia.

Egungo zuzendariak, Imanol Larreak, azaldu du zer diren: «Soziolinguistika Klusterra euskara biziberritzeko ikergunea da». Eta zein duten izaera: «Klusterra aurkeztean, zera esaten dugu: 'Zer izen zatarra daukan erakunde eder honek'. Baina zer izen esanguratsua», nabarmendu du. Izan ere, elkarri lotuta eta arlo espezifiko batean jarduten duten erakunde espezializatuen kontzentrazioak izaten dira klusterrak, eta, hain justu ere, erakundeko lehen lehendakari Iñaki Martinez de Lunak berak ere gogoratu du hasieratik nahi izan zutela ikergune ireki bat, zabala, lankidetzarako pentsatua: «Bilgune bat». Bat dator Larrea: «Klustertasuna, hitz horrek ondo adierazten du guk zelan lan egiten dugun: sarean, multzoan, eragile askoren artean. Horixe da klusterra».

«'Klustertasuna', hitz horrek ondo adierazten du guk zelan lan egiten dugun: sarean, multzoan, eragile askoren artean. Horixe da klusterra» IMANOL LARREA Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria

Larreak gogoratu du oraintxe hogei urte toki askotan sortzen ari zirela klusterrak, instituzio publikoek sustatuta: «Industrian, turismoan...». Eta ideia hori bera soziolinguistikaren eremura eraman nahi izan zutela Euskal Herrian jakintza arlo horren inguruan zebiltzan ikertzaileek. Emun aholkularitza zerbitzuan ari zen lanean Larrea garai hartan. Oroitu du ideiak euskalgintzaren atxikimendua lortu zuela hasieratik. «Adostasun handia egon zen eragileen artean: hasiera-hasieratik sortu zuen aldekotasun handia».

«Kolektibo baten kezka partekatua» izan zen abiaburua Martinez de Lunarentzat. EKB Euskal Kulturaren Batzarrea euskalgintzako erakundeak koordinatu eta biltzeko gunea izan zen 1983tik 1999ra, Bat soziolinguistika aldizkaria argitaratzea izan zen haren egitekoetako bat, eta hura desegin ostean aldizkaria eta haren inguruan zebiltzan ikertzaileak «umezurtz» geratu zirela gogoratu du, eta egitura sendo baten falta sumatu zutela. Mugimendu horretan aritu ziren hainbat aipatu ditu: «Imanol Esnaola, Jon Abril, Iñaki Marko...». Klusterrean nabarmendu dute Erramun Baxokek ere ekarpena egin zuela ideiaren egituraketan, eta Quebecera egindako bisitetatik hark ekarritako ideien eragina hor dagoela.

Aholkularitza zerbitzuen itzalean

Martinez de Lunak nabarmendu du aholkularitza zerbitzuak-eta martxan ari zirela ordurako lantokietara-eta euskara planak eramateko, eta haien premiek ere izan zutela eragina giro hartan. «Haienak ez ziren planteamendu ideologiko muturrekoak, baizik eta errealitatean oinarrituak», azaldu du. Eta horientzat erremintak garatzeko bilgune bat eratu nahi izan zuten, metodo zientifikoan oinarritutako ekarpenak egingo zituena: praktikara begira beti.

«Zientziak gizartearen zerbitzurako ezagutza izan behar du, gizartearen premiei erantzuten diena: horregatik ikuspegi aplikatua»

IÑAKI MARTINEZ DE LUNA Soziolinguista

«Eremu akademikoek bizimodu propioa daukate, eta karrera akademikoak pisu handia hartzen du askotan. Nik zientziaz dudan ikuspegia bestelakoa da, ordea», azaldu du Martinez de Lunak. «Zientziak gizartearen zerbitzurako ezagutza izan behar du, gizartearen premiei erantzuten diena: horregatik ikuspegi aplikatua». Ikertzaile gaztea da Maialen Iñarra, Soziolinguistika Klusterreko kidea, eta adierazi du oraindik ere jarduteko modu hori dela erakundea erakargarri egiten duten ezaugarri nagusietako bat. Izan ere, helburua bera da beti: «Ikertzen den hori ez dadila geratu kaxoi batean gordeta».

Larreak ere ideia hori nabarmendu du. «Gure ikertzeko modua aplikaziora begira dago. Lehentasuna da euskararen biziberritzean ari diren erakundeei materiala, ezagutza eta metodologia ematea lan egin ahal izan dezaten». Alegia, «zertarako» horren inguruan ardazten dute jarduna. Rosa Ramosek esperientzia handia du euskara teknikari gisara, Nafarroako hainbat tokitan. 2021era arte jarduna da arlo horretan, eta egun Uharrin ari da, soziolinguistika aplikatuan. Berak ere gogoan du Klusterra sortu zen garaian zegoen egarri hori: «Gogoa piztu zen ordura arte egin genuena beste maila batera eramateko», azaldu du: «Gogoa zegoen, eta behar handia».

«Gogoa piztu zen ordura arte egin genuena beste maila batera eramateko. Gogoa zegoen, eta behar handia»

ROSA RAMOS Soziolinguista

Ramosek ere nabarmendu du mundu akademikoan soziolinguistikan trebatzeko eremu ahaltsu bat falta zela. Ikertzaile askok nabari zutela gabezia hori. «Elkar ezagutzen genuen: UEUko Soziolinguistika Sailaren inguruan genbiltzan». Eta bat zetozen: tresnak behar ziren euskararen biziberritzean urratsak egiteko. «Sinesgarritasuna lortu behar zen zera esateko: 'hau da garaia eta hauek proposatzen duten hori da behar duguna'». Bat dator Larrea: «Ikusten genuen jende asko ari zela euskararen biziberritzean, baina askotan oinarri zientifikoa falta zela, eta lotura zuzen-zuenekoa behar zela oinarri zientifiko horren eta lanean ari zen jendearen artean». Iñarrak uste du Soziolinguistika Klusterrak bete-betean asmatzen duela horretan. «Ezagutza akademikoa, hau da, ikerketek dioten hori etengabe gizarteratzeko nahia erakusten du».

Erakundearen antolaketa ereduan agerikoa da «zubigintza». Bazkideak askotarikoak dira. Eta lantzen dituzten proiektuetan «lankidetza» nagusitzen da, ikertzaileen, euskalgintzako eragileen eta administrazioaren artekoa. Ramosek uste du osoki asmatu zela horretan. «Oso mundu ezberdinak elkarlanean jartze hori hasiera-hasieratik planteatu zen, eta bete-betean asmatu zen». Ez da jarduteko modu ohikoa. «Batuketa baino zerbait gehiago da». Berritzailea. Ezagutza sortzeko era hori goraipatu beharrekoa dela uste du Iñarrak ere. «Elkarrekin» egiten dute lan. «Akademian dabiltzanek eta euskalgintzako eragileek».

«Ezagutza akademikoa, hau da, ikerketek dioten hori etengabe gizarteratzeko nahia erakusten du»

MAIALEN IÑARRA Soziolinguistika Klusterreko ikertzailea

Eta Iñarrak nabarmendu du horrek oraindik garrantzia duela soziolinguistikan ari diren ikertzaile gazteentzat. «Akordatzen naiz Soziologia gradua egitean bazegoela hautazko bat hizkuntza eta kultura gaiak jorratzeko, baina ni justu atzerrian nengoen orduan, eta gradu osoan hori besterik ez zegoen. Gero, graduondokoetan ere, hizkuntzarekin lotutako aukera handirik ez dago». Klusterrean lortu du esparru bat ikertzaile gisara hazteko: izateko. Eta lanean jarduteko eredu egokia dela esan du. «Oso bide orri polita marraztu zuten».

Askotariko ikerketak egiten dituzte. Esaterako, egoera zertan den jakiteko azterlanak: adibidez, kaleko neurketak. Baina bestelakoak ere bai. Esaterako, hizkuntza ohiturak aldatzeko metodologiak aztertzen dituzte, eskoletan ahozkotasuna lantzeko metodologiak, eta aisialdian euskararen erabilera indartzekoak ere bai.

Soziolinguisitika Klusterra, Kale Erabileraren Neurketa aurkezten 2022an.
Kaleko Erabileraren Neurketa aurkezten, 2022an, Donostian. JON URBE / FOKU
Euskalgintzarekin

Euskararen biziberritzean ari diren eragileentzat ere erosoa da jarduteko modua, eta aberasgarria. Aisialdi hezitzaile eta euskaltzalearen alde lan egiten duen elkartea da Hezten; hartako koordinatzailea da Maite Asensio, eta Soziolinguistika Klusterreko zuzendaritzako parte ere bada. Nabarmendu du partaidetza horrek bidea ematen diela eragile moduan hazten jarraitzeko. Adibide bat ipini du: «Kaleko erabileraren ikerketak egiten ditu Klusterrak, eta guk asko erabiltzen ditugu, askotariko inguruneetako gazteekin lan egiten baitugu».

Esan du landu behar dituzten estrategiak doitzea lortzen dutela erreminta horien bidez. «Gure hezitzaileekin askotan lantzen ditugu». Eta erabiltzen errazak direla, dituzten ezaugarriengatik. «Klusterrak arlo aplikatuan egiten ditu ikerketak, eta edonork ulertzeko eta erabiltzeko modukoak dira». Jaso egiten dute, beraz, Hezten-en moduko elkarteek, baina uste dute beren jarduna klusterrera eramatea ere lortzen dutela, eta modua ematen dutela ikerketak eguneroko bizitzarekin lotzeko. «Gure lan eremua hain ezberdina da, beste ikuspegi bat eramaten dugu klusterrera: kalea, denbora librea, aisialdia». Hartu-eman horien sendotasuna nabarmendu du Asensiok. «Denok ikasten dugu elkarrengandik. Oso ezberdinak gara, baina helburu bera dugu denok».

«Denok ikasten dugu elkarrengandik. Oso ezberdinak gara, baina helburu bera dugu denok»

MAITE ASENSIO Hezten elkarteko koordinatzailea

Larreak esan du ezinbestekoa dela denean hazten jarraitzea. «Egitekoa hain da handia. Ezinezkoa da horrelako prozesu bat arrakastaz eramatea atzetik ez badago ikerketa sendo bat eta ikerketa maila oso ona. Eta esango nuke Euskal Herrian oraindik ere ez daukagula halakorik. Dauzkagun egiturak txikiegiak dira, ahulegiak, daukagun lanarentzat. Euskara biziberritzeko, gauza asko behar ditugu, guztiak oso garrantzitsuak. Baina ikerketa ere bai: hori gabe noraezerako arrisku handia daukagu», ohartarazi du. «Euskara biziberritzeko ikergune sendo bat behar da. Horren oinarria Soziolinguistika Klusterra izan daiteke? Oso ondo. Beste zerbait behar da? Ikusi beharko da».

ikerketa eremu nagusiak

  • Neurketak. Hizkuntzen Erabileraren Kaleko Neurketaren lehen eta bigarren edizioak bideratu zituen Euskal Kultur Batzarreak (EKB) 1989an eta 1993an, hurrenez hurren. Geroztik, zazpi aldiz egin ditu Soziolinguistika Klusterrak (aurrez SEI Elkarteak): 1997, 2001, 2006, 2011, 2016 eta 2021. urteetan. Neurketak egiten dituzte udaletan eta halakoetan ere, egoera jakin zenbait neurtzeko gakoak emateko, eta hizkuntzen mapak egiteko.
  • Hizkuntza ohiturak. Horren barruan, adibidez, Aldahitz da ikerketa egitasmoetako bat. Hizkuntza ohiturak aldatzeko prozesuak ditu aztergai. Itzulinguru da beste bat: aztertzen du itzultzaile neuronalaren erabilera zer distortsio, gatazka, egokitzapen eta berrikuntza eragiten ari den hizkuntza jarduera arautuetan. Hirigintzak hizkuntzaren erabileran duen eragina ere aztertzen dute, eta tokian tokiko hizkuntza aktibazioko egitasmoak, bai eta komunikazio publikoan hizkuntza praktika egokiagoak bilatzeko bideak ere.
  • Migrazioa eta euskara. Hainbat ikerketa dituzte migrazio ibilbideek euskararen erabileran eta hizkuntzen gaineko pertzepziotan zer eragin duten ulertzeko.
  • Kirolaren mundua eta euskara. Proiektuak dituzte nerabeen kirol entrenamenduetan eta partidetan euskararen erabilera kuantifikatzeko, komunikazio gaitasuna hobetzeko, eta kirol kluben bidez aisialdian eragiteko.
  • Ahozkotasuna. Ahozko komunikazioa lantzeko ikastaroak egiten dituzte, eta eskoletara begirako lanketa bat ere badute, eremu erdaldunenetan ari diren ikasleek hizkuntza errutinen bidez euskarazko ahozkotasuna hobetzeko.
  • Komunikazioa. Klusterraren beste xedeetako bat da ezagutzaren berri ematea eta zabalkundean jardutea. Horren harira egiten dituzte, esaterako, Txillardegi-Hausnartu soziolinguistika sariak, Euskal Soziolinguistikaren Jardunaldia eta Bat soziolinguistika aldizkaria.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.