Indarkeria matxistarekin loturiko bi atxiloketaren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Batetik, berriki plazaratu dutenez, 35 urteko gizonezko bat atzeman dute Errenterian (Gipuzkoan), emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta. Emandako informazioaren arabera, bizilagun batek larrialdi zerbitzuei deitu die goizeko zazpiak aldera, abisua emateko. Polizia iturrien arabera, gizonezkoak kalean eraso dio emakumezkoari. Ertzaintza bertaratu egin da. Orduan, gizonezkoa ihes egiten ahalegindu da, baina Ertzaintzak erdietsi egin du hura atzematea.
Bestalde, Segurtasun Sailak goizean jakinarazi du 36 urteko gizonezko bat espetxeratu dutela Gasteizen, emakumezko bati sexu eraso bat egitea egotzita. Lesioak eragitea ere leporatu diote. Izan ere, Poliziaren arabera, atxilotua biktimari segika aritu zitzaion, eta atari parean zirelarik eraso zion emakumeari. Biktimaren bikotekideak –gizona da–, oihuak aditu zituen, eta laguntzera joan zen korrika. Atxilotuak emakumearen bikotekidea jo zuen orduan.
Edonola ere, Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, Ertzaintza handik gutxira azaldu zen erasoa gertatu zen tokira, eta atzeman egin zuten 36 urteko gizona. Polizia etxean ordu batzuk eman ondotik, kartzelan sartu zezatela agindu zuen Gasteizko Auzitegiko epaileak.