Emakumeen aurkako indarkeria

Bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon eta Azkoitian, neska-lagun ohiak jo dituztelakoan

2009ko martxoaren 13a
14:23
Entzun
Ertzaintzak 30 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Bilbon, ustez neska-lagun ohia jo egin zuelako. Ertzainen arabera, gizonezkoak astelehen goizean urruntze agindua hautsi zuen eta emakumeari sexu erasoak ere egin zizkion, baita heriotz mehatxua ere.

Emakumearen etxebizitzan izan ziren gertaera haiek, eta honek handik ihes egin zuen. Asteazkenean itzuli zen eta hantxe zen artean ustezko erasotzailea. Berriro egin zizkion eraso fisikoak eta sexualak, Ertzaintzak esan duenez. Labana batekin ere egin zion eraso.

Atzo goizean, gizonezkoa lo zela baliatuz, biktima ertzain-etxera joan zen, parte sartzera. Poliziak aipatutako etxera joan ziren eta atzeman egin zuten gizonezkoa.

Bilboko kasuaz gain, Ertzaintzak beste gizonezko bat atxilotu zuen atzo Azkoitian (Gipuzkoa) neska-lagun ohia erasotzea egotzita. 47 urteko gizonezkoak urruntze agindua zuen.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, gertaera atzo 20:15ean jazo zen. Emakumeak salatu zuenez, autora zihoala bere senar ohia agertu zen eta zaplasteko bat eman zion eta laban batekin zauri arin batzuk egin zizkion. Mugikorra ere kendu egin zion larrialdi zerbitzuetara dei ez zezan. Orduan, emakumezkoak etxera alde egitea eta bertatik ertzainei deitzea lortu zuen.

Etxebizitzaren inguruan topatu zuten ertzainek ustezko erasotzailea, eta genero indarkeria eta urruntze agindua apurtzea leporatuta atxilotu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.