Bizkaiko Probintzia Auzitegiak bi gazte zigortu ditu bikote homosexual bati eraso egiteagatik haien sexu orientazioa dela eta. Gertaera 2022ko uztailaren 8an jazo zen, Bilboko diskoteka baten kanpoaldean. Eztabaida baten ondoren, auzipetuek —erasoa gertatu zenean 19 urte zituzten— gizonez osatutako bikote bati irain eta eraso egin zieten, epaiaren arabera, «pertsona homosexualekiko beren etsaitasunak» bultzatuta eta «umiliatzeko eta haien duintasuna kaltetzeko helburuarekin».
Auzitegiaren epaia irmoa da, eta fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak adostu dute. Horren arabera, hiru deliturengatik zigortu dituzte bi auzipetuak: diskriminazio arrazoiengatik duintasuna urratzeko delitu bat, eta beste bi delitu lesio arinengatik.
Lehenengoarengatik, bakoitzari bi hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio auzitegiak, eta, horren ordez, lau hilabeteko isuna, bi euro eguneko, eta bi hilabeteko isuna, bi euro eguneko. Lesio delitu arin bakoitzeko, egunero bi euroko isuna ezarri dio akusatu bakoitzari, hilabetez. Auzitegiak, zigorra ezartzerakoan, kaltea konpontzeko aringarri bat kontuan hartu du. Izan ere, «auzipetu bakoitzak 1.500 euro sartu zituen» auzitegiaren kontuan. Zenbateko hori ere biktimei eman beharko zaie, epaian agertzen den bezala.
Horretaz gain, zigortutako gizonezko bakoitzari hiru urte eta bi hilabeteko inhabilitazioa ezarri die, eta, ondorioz, denbora horretan ezingo dute hezkuntzan lan egin, irakaskuntzaren, kirolaren eta aisialdiaren arloetan.