Bi gizon espetxeratu dituzte, Argintxonaren hilketarekin lotuta

Batek 39 urte ditu, eta besteak 20. Panamako Fiskaltza Nagusiak zehaztu duenez, feminizidioa eta lapurreta egotzi dizkiete. Atzo arratsaldean egin zioten hileta emakumeari, Erandion.

Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Eneritz Argintxona Fraileren aldeko hileta elizkizuna, Erandion. MARISOL RAMIREZ / FOKU
mikel p ansa
2024ko abuztuaren 8a
20:05
Entzun

Panamako Fiskaltzaren aginduz, bi gizon behin-behinean espetxeratu dituzte Eneritz Argintxonaren hilketarekin zerikusia dutelakoan. Panamako hedabideen arabera, 39 urteko gizon bat atxilotu zuten aurrena, asteazkenean, eta 20 urteko beste gizon bat atzeman zuten handik ordu batzuetara; Panamakoak dira biak.

Argintxona boluntariotzan aritu zen Costa Rican, eta handik joan zen Panamara, egun batzuk igarotzera. Ostatu hartua zuen lekuan ikusi zuten azkenekoz, uztailaren 23an, eta handik hiru egunera, uztailaren 26an, gorpu bat aurkitu zuten Carenero uhartean, Bocas del Toro eskualdean. AEBetako bikote batek aurkitu zuen hilotza.

Familiak salaketa aurkeztu zion Ertzaintzari gorpua agertu zen egun berean, eta Argintxonaren ama eta anaia Panamara joan ziren. DNA probek egiaztatu zuten hilotza emakumearena zela. 30 urte zituen. Autopsiak frogatu zuen buruan kolpe bat emanda hil zutela. Kasuaren ikerketa Panamako autoritateen esku gelditu da, eta tarteka laguntza eskatu diote Ertzaintzari. Biktimaren objektu pertsonal batzuk topatu zituztela erran zuten identifikatu zutenean, eta bazituztela hiltzaileak nor izan zitezkeen erakusten zuten zantzu batzuk. Haiek atxilotzeko konpromiso irmoa azaldu zuten hango erakundeek. Biktima identifikatu aurretik ere, feminizidioa zen ikerketako hipotesi nagusia.

Eneritz Argintxonaren aldeko hileta atzo egin zuten, Erandioko Andra Maria elizan (Bizkaia). Ehunka herritar bertaratu ziren.

Herritarren babesa

Panamako hainbat hedabidetan ageri denez, egunotan hainbat eta hainbat protesta egin dituzte herritarrek Bocas del Toro eskualdean. Horietan guztietan, biktimarentzako «justizia» galdegin dute, «kalean lasai ibili ahal izatea», eta agintariek zer gertatu den argitzea. «Ziurta dezagun bertze inor arriskuan ez sentitzea, eta inork ez dezala min hau pairatu behar izan», erran zuten protestetako batean. Herritarrek iragarri dute bertze mobilizazio bat eginen dutela datorren larunbatean. Familiari babesa adierazi nahi diotela erran, eta doluminak helarazi dizkiote.

Izan ere, hilotza agertu bezain laster, kasuaren inguruko susmo ilunak agertzen hasi ziren: biktima identifikatu gabe zutenean ere, ikertzaileek zehaztu zuten hildakoa «atzerrikoa» zela, eta, gainera, desagertutako andrearen pasaportea inguru hartan zegoen. Familiak egun horretan bertan jarri zuen salaketa, gainera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.