Bi gizon atxilotu dituzte, sanferminetan Espainiako selekzioaren kamiseta jantzia zuen bati erasotzea leporatuta

Epaileak gorroto delitua egotzi die atxilotuei, eta biktimengandik 200 metroko urruntze agindua ezarri, auziak iraun bitartean.

Espainiako selekzioaren jarraitzaileak Eurokopako finalerdiko partidua ikusten Iruñean, uztailaren 9an. VILLAR LOPEZ / EFE
Espainiako selekzioaren jarraitzaileak Eurokopako finalerdiko partidua ikusten Iruñean, uztailaren 9an. VILLAR LOPEZ / EFE
Iruñea
2024ko abuztuaren 2a
16:40
Entzun

Espainiako Poliziak bi gizon atxilotu ditu Iruñean, sanferminetan Espainiako futbol selekzioaren elastikoa zeraman gizonezko bati eta haren lagun bati eraso egitea leporatuta. Epaileak gorroto delitu batean parte hartzea egotzi die akusatuei, eta urruntze agindua ezarri die.  

Uztailaren 10eko goizaldean gertatu zen, hiriburuko erdigunean, Espainiak eta Frantziak Eurokopako finalerdia jokatu ondoren. Atxilotutako bi gizonek, salaketaren arabera, Espainiako selekzioaren jarraitzaile batengana jo zuten, eta soinean jantzia zuen kirol kamisetarengatik irain eta mehatxu egin zioten.

Salaketa beraren arabera, muturreko bat hartu zuen kirolzale gazteak. Medikuen postu batean artatu zuten, baina lesio arinak bakarrik zituen. Esan dute haren lagunari ere ukabilkada bat eman ziotela aurpegian; baina odol ugari isurtzen hasi zen, eta ospitalerat eraman zuten, kolpearengatik sudurra hautsita.

Biktimengana hurbiltzeko debekua 

Ikerketa baten ondoren, Poliziak ustezko erasotzaileak identifikatu ditu; «kirol talde ultra, erradikal eta bortitz bateko kide» izateagatik ezagunak zituztela adierazi dute. Uztailaren 24an atxilotu zituen, lesio, gorroto eta hertsapen delitua leporatuta. Auziak iraun bitartean, biktimengandik 200 metroz urruntzeko agindua ezarri die epaileak, baita haiekin edozein modutan komunikatzeko debekua ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.