Bi gizon atxilotu dituzte Lapurdin, sexu erasoak egotzita

Bokalen atxilotu dute bat, eta 7 urteko neskato bat bortxatzea egotzi diote. Angelun atzeman dute bestea, 75 urteko andre bat bortxatzea leporatuta.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Indarkeria matxista salatzeko protesta bat, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
inaut matauko rada
2024ko urriaren 23a
11:05
Entzun

Joan den asteburuan bi gizon atxilotu dituzte Lapurdin, Bokalen bata eta Angelun bestea, sexu erasoak egiteagatik. Angelukoa izan zen lehena, larunbat arratsaldean. Baionako Fiskaltzak adierazi duenaren arabera, gizonak erosketa poltsak etxera eramateko laguntza eskaini zion 75 urteko andre bati, eta hark baietz esan zion. Behin etxera joanda, gizonak sexu erasoa egin zion emakumeari. Ihes egin zuen erasotzaileak, eta emakumeak berak deitu zien larrialdi zerbitzuei.

Osasun arta jaso zuen andreak, eta astelehenean atxilotu zuten gizona; atxiloaldia luzatzeko erabakia hartu zuen fiskaltzak, eginbideei ekiteko.

Beste erasoa igandean gertatu zen, Bokaleko Georges Politzer kalean. 20 urteko gizon batek 7 urteko neskato bat bortxatu zuen, 12:00ak pasatxo zirela. Antza, bizilagunak gertakariaz ohartu ziren, eta erasotzaileari aurre egiten hasi ziren, kolpeka. Orduan udaltzain batzuk iritsi ziren, Baionako komisariak bidalita. Gizona kolpatuta eraman zuten Frantziako Poliziaren Baionako komisariara, eta adierazi dute edanda zegoela.

Handik epaileen aurrera eraman zuten atxilotua, eta bortxaketa delituagatik ikerketa bat abiatu du hark. Bitartean, prebentziozko espetxealdian dago gizona.

Bi urteko zigorra Iruñean

Iruñean, Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio gizon bati, emakume bat bortxatzeagatik. Zigortuak Tuteran berarekin logela partekatzen zuen gizonaren bikotekidea bortxatu zuen. 

Zigorrari buruzko akordioa lortu dute fiskaltzak, akusazio partikularrak eta defentsak. Sexu-abusu delituagatik zigortu dute, eta aringarri gisa aplikatu dizkiote horditasuna eta kaltea konpontzea —6.000 euro ordaindu zituen epaiketa hasi aurretik, kalte ordain gisa—. Zigortua ezingo da bost urtean biktimarengana hurbildu —200 metro baino gutxiagora—, ezta harekin harremanetan jarri ere. Gainera, 6.000 euro eman beharko dizkio. Zigorra bete eta gero, zazpi urte egin beharko ditu zaintzapean. 

Gasteizen, berriz, udaltzainek 39 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo eguerdian, bikotekideari kolpeak ematea eta atzamarkatzea egotzita. Bizilagun batek deitu zuen Gasteizko Udaltzaingora, esanez bikote bat eztabaidatzen ari zela kalean, eta emakumeak laguntza eskatu zuela. Udaltzainak iritsi zirenean, baieztatu zuten emakumeak kolpeak eta atzamarkadak jaso zituela, eta gizona atxilotu egin zuten.

Donostian, 13, 14 eta 15 urteko hiru neskak salatu zuten masajista batek sexu erasoak egin zizkiela masajeak ematen zizkien bitartean. Fiskaltzak 45 urteko kartzela zigorra eskatu du masajistarentzat. Nesken abokatuek ere hamabost urteko kartzela eskatu dute eraso bakoitzagatik, 45 urte guztira. 

Masajistaren defentsak, baina, prozedura judizialeko ekintzak baliogabetzeko eskatu du, fiskaltzak «objektibotasuna galdu» duela uste duelako. Efe agentziaren arabera, fiskaltzak «gehienezko zigorrak» eta «ezohiko» erantzukizun zibila —160.000 euro guztira— eskatu izanak gainerako akusazioen «eskaera katea» eragin du. Akusatuaren defentsak adierazi du Gipuzkoan, «kasu larriagoetan», zigor eskaerak ez direla izan bere bezeroarentzat eskatzen denaren herena ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.