Ertzaintzak 25 urteko bi gizon atxilotu ditu gaur goizaldean Eibarren (Gipuzkoa), furgoneta bateko gidaria eta kopilotua, N-634 errepidean egindako kontrol batean. Gizakien legez kanpoko trafikoa egozten diete. Atxilotuetako batek aurrekariak ditu delitu hori egiteagatik.
Portugalgo matrikula zuen furgoneta bat gerarazi dute kontrolean, 01:40 aldera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zehaztu duenez, 11 bidaiari zihoazen gehienez bederatzi lagunentzako lekua zuen furgonetan. Bidaiarietako bat maletategian zihoan; beste bat atzeko aulkien artean, lurrean etzanda. Furgonetaren atzeko aldean zihoazen bidaiariek ez zeukaten dokumentaziorik, eta osasun baldintza kaskarrak zituzten: «janari hondarrak, arropak eta pixaz betetako botilak» zeuzkaten inguruan.
Ertzaintzak identifikatu egin ditu furgonetaren gidaria eta kopilotua. Bidaiaren arrazoia galdetu diete, baina «modu inkoherentean» erantzun dute. Bidaiariek esan diete indiarrak direla eta lan kontuengatik ari zirela bidaiatzen.