Ertzaintzak 19 urteko gizon bat eta 45 urteko beste bat atxilotu ditu gaur Durangon, Bizkaian, emakume bati sexu eraso bat egitea leporatuta.
Gauerdian Ertzaintzak abisua jaso du esanez emakume batek sexu eraso bat jasan duela Durangoko Askatasunaren Etorbidean. Ertzaintza eta Udaltzaingoa hara bertaratu dira, eta, andrearekin harremanetan jarri eta datuak bildu ondoren, patruilek ingurua ikuskatu dute. Salatzaileak adierazitako ezaugarriekin bat zetozen bi gizon ikusi dituzte. Susmagarriak identifikatu dituzte, eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin dituzte, sexu erasoen delitu bat egotzita. Atxilotuak Durangoko ertzain etxera eraman dituzte, eta datozen orduetan epailearen esku utziko dituzte.
Adierazpen instituzional batean, udalak «erabateko gaitzespena» adierazi du, eta biktimari babesa eta elkartasuna helarazi dio. Azpimarratu du «indarkeria ekintza» hori «erabat onartezina» dela «pertsona guztien berdintasuna eta segurtasuna defendatzen duen gizarte batean». Gaineratu du biktimaren esku jarriko dituela halako kasuetarako dituen zerbitzu espezializatuak, eta prozedura judizial eta administratiboetan laguntza emateko prest agertu da. Erasoa gaitzesteko mugimendu feministak antolatuko dituen mobilizazioekin bat egitera deitu du.