Miaketa

Bi gazte atxilotu dituzte Lekeition, hiru orduz haien etxebizitzak miatu ostean

Hiru orduz egon dira etxebizitzak miatzen. Gedar langile kazetaren arabera, 10:30ak aldera eraman dute atxilo gazteetako bat, eta handik ordubetera bigarrena. 2020ko maiatzean Eako kutxazain automatiko bat erretzea egotzi die Ertzaintzak.

Ertzaintza, miatu duten etxeetako baten atari inguruan. GEDAR
2021eko ekainaren 23a
10:24
Entzun

Egunsentian hasi da miaketa: 7:00ak aldera. Ertzaintzaren hainbat patruila bi gazteren etxeak miatzen hasi dira Lekeition (Bizkaia). Gedar langile kazetaren arabera, hiru orduz egon dira haien etxeak miatzen, eta, azkenean, 10:30ak aldera eraman dute atxilo bietako bat. Hedabideak zehaztu duenez, bigarrena ere atxilo eraman dute, ordutik ia ordubetera, 11:15ean.

Ertzaintzak ohar batean argitara atera duenez, 2020ko maiatzaren 13an Ean (Bizkaia) kutxazain automatiko bat erretzea egozten diete bi gazteei; poliziaren esanetan, delitu hori leporatuta eraman dituzte atxilo. Gose greban zen Patxi Ruiz euskal presoari babesa adierazteko mobilizazio bat izan zen egun hartan. Poliziak jakinarazi du atxilotuak datozen orduetan eramanen dituztela Espainiako Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 5. epaitegira.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz etorri da polizia operazioa. Gedar-en esanetan, Poliziak 24 orduko baimena du etxebizitza horiek arakatzeko; hau da, bihar goizeko 7:00ak arte sar daitezke. Ordea, poliziak jadanik atera egin dira eraikinetatik, eguerdian.

Atxilotutako gazteei babesa erakusteko, elkarretaratzera deitu dute gaurko. Lekeitioko San Kristobal Enparantzan eginen dute, arratsaldeko 19:30etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.