Meliton Manzanas. ETAk berariaz egindako lehen hilketak 50 urte. Andoni Perez Cuadrado. Manzanasek torturatua

«Bi gauza gorroto zituen: Eliza eta demokrazia»

jokin sagarzazu
Gasteiz
2018ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun

Eliza eta aberria. Konpromisoaren sinonimo ditu biak, eta biengatik atxilotu zuten. Hamalau aldiz, eta behin, torturatuta: Manzanasen eskuetan egon zenean. «Hitzik egiten ez nuelako, nazka-nazka eginda, bere onetik atera eta burdinazko erreminta batekin jo ninduen buruan. Umorea ez nuen galdu, baina entzumena ia bai», dio Andoni Perez Cuadradok (Gasteiz, 1925). Tortura saio horiek garai hartako beste hamaika konturekin harilkatzen ditu. Izan ere, 1956tik 1961era EAJk Araban izan zuen militante bakarrenetakoa izan zen; klandestinitateko EBBko kide izan zen, eta Jaurlaritzaren ordezkaria Araban. «Askotan» deitu zuten polizia etxera. «Eguneroko ogia genuen hori».

Manzanasen esku egon zenean, baina, poliziek ez zekiten ezer bere militantziaz. Arabako Gazteria Katolikoaren lehendakariordea ere bazen, eta horri buruz galdetu zioten bereziki. «Manzanasek obsesioa zuen gerra garaiko apaiz abertzaleekin, eta susmoa zuen haiekin ez zutela amaitu, haiek kontrolatzen ez zuten Elizaren barnean ari zela berrantolatzen abertzaletasuna; ez zuen arrazoirik falta».

Baina, polizien oihuen artean, sigla batzuk entzun zituen, ordura arte ezezagunak zirenak beretzat: ETA. Aste batzuk lehenago —1961eko uztailaren 18an—, tren bat bidetik ateratzen saiatu ziren sortu berria zen erakunde hartako kide batzuk. Horrekin loturiko sarekadetan ehun bat lagun atxilotu zituzten, tartean bera. «Eta Maddalen Iriarteren [EH Bilduko legebiltzarkidearen] aita ere bai», gogoratu du. Gasteizen atxiki zuten bera, eta handik Donostiara eraman zuten.

Bi izen errepikatzen ditu atxiloaldiaz mintzo: Manzanas eta Eymar koronela. Honela gogoratzen du lehenena: «Pertsona txarrenetan txarrena zen. Bi gauzari zien gorrotoa: Elizari eta demokraziari. Besterik ez zuen ahotan: apaizak abertzaleon emakumeekin oheratzen zirela gu politikara bultzatzen gintuzten bitartean, eta AEBetako orduko presidente Kennedy komunista bat zela, Europa kaka zaharra zela, eta ahazteko Europarekin...».

Polizia oso gaztez osatutako talde baten burua zen Manzanas. Haietako batzuk, Perez Cuadradoren arabera, trantsizio garaiko gerra zikinean egin ziren ezagun. «Halakoak behar zituen, baina bera beste maila batean zegoen». Eta Manzanasen «gainetik», Eymar: «Halakorik ez dut inoiz ikusi! Bere betaurreko ilunak beti jantzita, eta hitz egiteko modu eta ahots beldurgarri hura... Hari buruz gutxi idatzi da, baina 30 heriotza zigor sinatu zituen. Madrildik etortzen zen. Inork ez zekien zehatz non bizi zen; astero aldatzen zen etxez. Hil zenean ere oso gutxi jakin zen. Oso tipo iluna zen».

Azken egunean bakarrik ikusi zuen Eymar. «Ez ninduen ukitu: ETA zer zer galdetu zidan; ez nion erantzun, eta kito». Manzanas, berriz, atxiloaldiko hiru egunetan izan zuen galdeketa gelan sartu-irtenetan, builaka, eta noizean behin kolpeak emanez. «Orduak izaten ninduten torturatzen. Alde guztietatik jotzen ninduten, baita burdinazko barrekin ere. Baina bereziki gogoan dut harri txiki eta zorrotzez osatutako alfonbra moduko baten gainean jartzen nindutela, galtzarik gabe, belauniko, eta gainera igotzen zirela. Hiru-lau ordu horrela, eta ziegara; eta hurrengo egunean, berriz».

Egun horietako batean, emaztea eta haren aita ekarri zuten bisitan. Aitaginarreba «oso eskuindarra» zen, «erregimenekoa». Eta neska lagunak garai hartan ez zuen «askorik» bat egiten ideia abertzaleekin. «Ni nola utzi ninduten ikustean, aitaginarreba mutu geratu zen; ez zuen halakorik espero bere gertukoengandik —gizon kristaua zen—. Eta emazteaz esan dezaket gertakari horren ostean ia-ia aurrea hartu zidala abertzaletasun kontuetan».

Ondoren ez zuen askotan ikusi Manzanas, Gasteizen bizi baitzen Perez Cuadrado. Behin, Donostiako jatetxe batean lagun batekin zegoela egin zuten topo. Ondoko mahai batean eseri zitzaien poliziaburua, zertaz hitz egiten ari ziren adi-adi entzunez; hizketagaia berehala aldatu zuten. Mazanasi buruzko hurrengo berria ETAk hil zuenekoa izan zen. «Nire ideia kristauengatik, ezin dut esan poztu egin nintzela, baina tira... 'Bazen garaia', irten zitzaion emazteari, eta uste dut sentsazio hori oso orokorra izan zela».

Orain atzera begiratuta, kexu da Perez Cuadrado, eta «haserre»; bere alderdikide izandakoekin, bereziki jeltzaleekin —1986ko hausturatik EAkoa da bera—. «EAJn izugarrizko beldurra diote gauza hauei buruz hitz egiteari; frankismoko biktimez ahaztu egin dira. Trantsizio garaian, militante zahar guztiak baztertu egin gintuzten. 'Andoni, zertarako mugitu orain kaka hau guztia?'. EAJko kide batzuengandik hori entzun behar izatea ere!».

1968ko abuztu sargori hura

«Guk auzitara eraman genuen torturengatik»

«Ezin zuen ibili; bost aldiz galdu zuen konortea»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.