Peio Jorajuria.
Seaskako lehendakaria

Bi garaipen eta borroka ugari

2024ko abenduaren 3a
05:00
Entzun

2024 urteari begira, Ipar Euskal Herriko ikastola, ikasle, irakasle eta gurasoentzat, bi garaipen aipatzen ahal dira. Partzialak gelditzen diren garaipenak, baina azpimarratzekoak.

Lehena, Azterketak Euskaraz kolektiboaren bigarren garaipena izan da. Ipar Euskal Herriko ikasleek bi azterketa gainditu behar dituzte: Brebeta kolegio bukaeran (13-14 urtetan), eta Baxoa lizeo bukaeran (17-18 urtetan). Azken urteetan euskaraz ikasten zuten ikasleek Brebeta osoki euskaraz pasatzen ahal zuten, eta Baxoa partez. Baina Macron, Blanquer eta horrelakoak gobernura iritsiz geroz, atzerapen larriak izan ziren, Brebetan proba bat (zientzietakoa) frantsesez egitea behartuz, eta Baxoan euskararen erabilera osoki debekatuz. 2023an, manifestaldi, okupazio eta desobedientzia kanpainen ondotik, Brebetako borroka irabazi zen, eta ikasleek zientzietako proba euskaraz egin ahal izan zuten. Ondoko urtean, mendekuz, Frantziako Hezkuntza Nazionalak erabaki zuen —ezin bazieten ikasleei euskaraz erantzutea debekatu— galdera guztiak frantsesa hutsean izanen zirela. 2024an borrokari lotu behar izan gintzaizkion, eta garaipena berriro erdietsi. 2024an ikasleek Brebeta osorik euskaraz egin zuten, galderak ere euskaraz izanik. 2024an, 2023an irabazi genuena berriro irabazi genuen. Ez bada aitzinamendu bat izan, urrats berri bat izan da ikasleen hizkuntza eskubideen defentsan.

Azterketen inguruko borroka ez da horretan gelditzen. Lehenik Brebetaren garaipenak borrokatu direnentzat baizik ez baitu balio: eskola publiko edo pribatuetako ikasleentzat zientzietako proba euskaraz pasatzea —eta ondorioz zientziak euskaraz ikasteko eskubidea— ez baitira bermatuak, eta, bestalde, Baxoan euskararen erabilera debekatua baita oraindik. Baxoan ez da gehiago gai bakar bat (euskara gaia bera aparte) non ikasleek euskaraz erantzuten duten, nahiz eta gai horiek urte osoan euskaraz ikasi eta landu. Ekainean borroka horrek dimentsio berri bat hartu zuen, Ahozko Handiko proban irakasleak desobedientzia mugimenduan sartuz. 2025ean borroka horrek segituko du, eta agian ikasle, irakasle, guraso, hautetsi eta herritarren indarrak berriro bilduz, garaipenak lortuko dira.

2024ko bigarren garaipen nagusia Beskoitzeko ikastolarena izan da. Beskoitzeko ikastolako haurrak egoitza prefabrikatu zaharkitu eta ttipiegi batzuetan kokatuak dira azken urteetan, eta herriko etxeak egoera horretatik ateratzeko eta ikastolaren garapen duin baten segurtatzeko landuak izan diren irtenbide guztiak oztopatu izan ditu. Tentsio uneak biderkatu dira, lekuak handitzeko mementoan, eraikuntza baimena eskaeren inguruan, baita ere herriko etxeak hiru urteko ikasle batzuk herriko jantegian ukatu dituelarik, 2023ko abendu arte, non auzapez andereak ikastola herritik kanporatzea erabaki zuen. Borroka horrek 2024ko urte hastapena markatu du, garaipena ustekabeko molde batez iritsi arte: auzapezaren dimisioa. Hauteskunde berriak iragan dira ekainean, auzapez berri bat izendatu da, eta nahiz eta 2024ko irailean ikasleek ikasturtea betiko prefabrikatu zaharkitu eta ttipiegi beretan abiatu duten, nehork ez du dudatzen hautetsi berriekin konponbide bat eraikiko dela. Landu eta finantzatu beharko den irtenbide bat, baina hau 2025eko gaia da.

Normalean, Seaska ez da inoiz auzapez batekin konfrontatzen. Gehienetan desadostasunak egon arren finantzaketa edo antolaketa gaietan, biak herriaren zerbitzura daudenez, biak ikasleen eta euskararen eskubideen berme izan behar dutenez, konponbideak aurkitzen dira. Beskoitzen, aldiz, ikastolaren printzipioa bera zalantzan ezarriz, auzapezak herriaren sostengua galdu du, eta agian inoiz eta inon berriz gertatuko ez den zatiketa bat sortu. Azterketen inguruan, garaipenak etorri dira erasoei herri gisa erantzun diegularik. Aldarrikapena ez dute guraso ero batzuk eramaten. Herriaren eskakizun bat da. Jakin dugun horren erakusten mobilizazioetan hezkuntza komunitateko aktore guztiak parte harraraziz, baina herriak berak jakin du ere horren erakusten hainbat sostengu ekintzen bidez, eta aurten bereziki Korrika kari bizi izan dugun elkartasun uholdearen bidez. Ikastolen eta euskararen inguruan, badakigu herri gisa jokatzen, izan dadin Herri Urrats egunean Senpereko lakua bete behar delarik, edo aurtengo VII. batzarrean Euskal Herriko ikastola guztiak bilduz eta amankomuna duguna eta eraiki nahi dugun etorkizuna elkarrekin definitu ahal izan dugularik.

Euskara eta ikastola herri proiektu gisa eramaten dugun bitartez, etorkizuna garaipenez eraikiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.