Bi futbol partida bertan behera utzi behar izan dituzte Bizkaian, irain arrazistengatik

Haurren mailako Berango C taldeko jokalariek zelaitik alde egin zuten, taldekide baten aurkako irainak entzun ostean.

Iruñean urtero antolatzen duten Mundialito Antirrazista. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
Iruñean urtero antolatzen duten Mundialito Antirrazista. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
2025eko otsailaren 17a
14:00
Entzun

Arrazakeriak ez du etenik futbolean, ezta haur eta gaztetxoen kategorietan ere. Asteburu honetan, esate baterako, bi futbol partida bertan behera utzi behar izan dituzte Bizkaian, jokalarien aurkako irain arrazistak direla eta.

Iragan larunbatean, Berango C taldeko jokalariek zelaitik alde egin zuten, haietako bati egindako irainengatik. Taldeko entrenatzaile Oier Sorianok Euskadi Irratian azaldu du zer gertatu zen: Gaztelueta C taldeko jokalari batek «beltz zikin madarikatua» esan zion aurkarietako bati, eta, epaileak ezer egiten ez zuela ikusita, jokalariak berdegunetik aterarazi zituen Sorianok. Partida osteko txostenean, epaileak adierazi du ez zuela irainik entzun. Azkenerako, partida bertan behera utzi zuen epaileak 55. minutuan.

Gaztelueta taldeak, berriz, jokabide arrazisten aurkako mezu bat argitaratu du sare sozialetan. Honela dio: «Gaztelueta Kirol Klubak irain, diskriminazio eta jokabide erasokor oro gaitzesten ditu. Ikasteko eta dibertitzeko leku bat izan behar luke kirolak. Gure kirol klubak etenik gabe dihardu hori horrela izan dadin eta giro atsegina gailendu dadin, bizikidetza, inklusioa eta errespetua oinarri hartuta».

Horrez gain, Otxarkoaga Gorengo Erregional mailak ere irain arrazistak salatu zituen Iturrigorri taldearen aurkako partidan. Otxarkoagako jokalariek ere zelaitik alde egin zuten, eta partida bertan behera gelditu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.