Bi pertsona zaurituta daude, eskalatzen ari zirela erori ondotik. Batek 29 urte ditu eta besteak, 40 urte. Atzo gertatu zen ezbeharra. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, larrialdi zerbitzuek gaur goizaldean erreskatatu dituzte bi eskalatzaileak, eta Nafarroako Unibertsitatea klinikara eraman dituzte segidan. Larri dira biak: 29 urtekoak bizkarrezurrean eta toraxean ditu kolpeak; 40 urtekoak garezur-garunetako traumatismo larria dauka, eta hanka hautsi du.
Zabaldutako informazioaren arabera, larrialdi zerbitzuek zaurituen familiako kide baten abisua jaso dute ordu txikitan. Kide horrek jakinarazi die ez zuela lortzen senideekin harremanetan jartzea. Zehazki, erreskate operaziokoek toki malkartsu batean aurkitu dituzte zaurituak; itxura denez, hogei bat metrotik behera erori dira, «arazo tekniko» baten ondorioz.