Bi eredu «kontrajarriren» artean aukeratu beharko dela esanez abiatu du kanpaina EAJk, Gasteizen

Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak esan du «ongizatean eta bizi kalitatean aurrera edo atzera» egitearen artean aukeratu beharko dela apirilaren 21ean.

Imanol Pradales
Imanol Pradales EAJko lehendakarigaia, gaur, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko apirilaren 4a
22:00
Entzun

Euzko Alderdi Jeltzalearen buruek, zerrendaburuek eta erakunde nagusietako arduradunek babestuta abiatu du kanpaina Imanol Pradales EAJren lehendakarigaiak, Gasteizen. Haren irudiko, «ongizatean aurrera edo atzera» egitearen artean aukeratu beharko da apirilaren 21ean, eta bertan bildutakoei eskatu die eredu jelkidea defendatzeko. «Bi aste dauzkagu gure mezua zabaltzeko. Bi aste, kontrajarriak diren bi ereduren artean aukeratzeko». Inkestei kasurik ez egiteko eskatu du: «Benetako inkesta apirilaren 21ean izango dugu». Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak amaitu du hitzaldia, «proba gaindituko» dutela baieztatuz, Gasteizi erreferentzia eginez. Izan ere, iazko udal eta foru hauteskundeetan EAJ Araban boto gehien jaso zituen indarra izan bazen ere, Gasteizen laugarren indarra izan zen bototan. Eta azken asteotako inkesten arabera, Araba erabakigarria izango da EAJren eta EH Bilduren arteko eserlekuen lehian. «Apirilaren 21eko benetako borroka hementxe izango da. Beraz, toki ona aukeratu dugu gaur elkartzeko. Toki benetan garrantzitsua!».

Imanol Pradales lehendakarigaiaren arabera, «Euskadin ondo bizi gara». Soziometroaren inkesta aipatu du hori argudiatzeko, haren arabera, bizi kalitateari buruz galdetuta hamarretik 7,5ek ongi edo oso ongi bizi direla esan baitute. Hori EAJk egindako lanaren emaitza dela esan du, eta orain arte egindakoa defendatu. Talde berritu batekin aurkezten dela azpimarratu du, eta hiru lehentasun jarri ditu lanerako: ongizatearen agenda berria, ekonomia eta etorkizuneko industria berria, eta agenda humanista berri bat «sortzen ari diren desberdintasunei» aurre egitea.

Joseba Diez Antxustegi Arabako zerrendaburuak belaunaldi berri baten izenean hartu du hitza. Eta adierazi du hurrengo hamabost egunak programan jaso dituzten neurriak azaltzen emango dituela, «ahotsik gabe geratu arte». Bakartxo Tejeria Gipuzkoako zerrendaburuak EAJren eredua defendatzeko egin du indar. «Bi aukera daude: PNV edo EH Bildu». EH Bilduren kontra egin du: «Trabak jarri eta eraikitakoa suntsitzen saiatu dira. Eta ez naiz ari duela hamarkada batzuk gertatzen ari zenaz solik, azken legegintzaldi honetan pairatu dugunaz ere bai». Mezu horretan sakondu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere: «Gaur adostasunez eta gobernantza kolaboratiboaz hitz egiten dutenen oztopoen gainetik egin du aurrera Euskadik».

«Egunean zalantzati bat»

Ortuzarrek amaitu du hitzaldia. Ez du ukatu erronka bat dutela. «Baina badakizue zer egiten duen EAJk erronka bat duenean: lortu eta gainditu». Eta esan du lana egin beharko dela erronka hori gainditzeko. Abstentzioari egin dio erreferentzia berriz ere. Uste du abstentzioan gera litekeen boto hori mobilizatzea izango dela giltza, eta horiek mobilizatzeko laguntza eskatu du mitinean: «Erronka bat proposatuko dizuet. Kanpainako hamabost egun ditugu. Zalantzati bat bilatu, eta konbentzi dezagun botoa EAJri eman diezaion. Onartzen duzue erronka? Zaila eman dezake, baina ez da hainbesteraino. Asko ditugu inguruan. Auzokoak izan litezke, okindegian edo autobus geltokian topa ditzakegu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.