Bost egun dira Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egin zirela, eta jada ate joka daude udal eta foru hauteskundeak. Horiei begira jarri zen atzo Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusi eta EAJren ahaldungai nagusia, eta azpimarratu zuen Gipuzkoan «bi ereduren artean» erabaki beharko dela: EAJrena edo EH Bildurena. Izan ere, «lehia estua» espero du bi indar politikoen artean, Espainiako Gorteetarako bozek erakutsi dutenez: «Oso lehia estua edukiko dugu, auzoz auzo, herriz herri, bailaraz bailara eta lurralde osoan».
Maiatzaren 26ko hauteskundeei begira EAJk izango dituen ildo batzuk aurkeztu zituen Olanok. Batetik, nabarmendu zuen Espainiakoa «konfrontazio handiko kanpaina» bat izan dela, horrek «beste kultura politiko bati» erantzuten diola eta EAJ ez dela horretan «sartuko»: «Ez gara deskalifikazioetan sartuko. Ez dugu klima horretaz kutsatu nahi». Edukiari begira, berriz, uste du bi ikuskera ariko direla aurrez aurre: «konfrontazio handikoa» bat, «ezker abertzalearena», krisi ekonomikoak eta «proiektuen trabatzeak» ezaugarrituta; bestea, EAJrena, ardatz dituena «herritarrekiko gertutasuna eta elkarrizketa, suspertze ekonomikoa eta proiektuak martxan jartzea»: «Sinesgarritasun lehia bat egongo da».
«Entzuteko» kanpaina
Olanok balorazio positiboa egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak azken lau urteetan eginiko lanaz, eta, «zirkunstantziak errepikatzen badira», PSE-EErekin gobernu koalizioa errepikatzeko asmoa dauka.
Kanpainarako, EAJren borondatea da, batetik, «jendeari entzutea»: «Proiektua aberastuko dugu horrela, eta eztabaidatu eta kontrastatu egingo dugu EAJren proiektua jendearekin». Bestetik, «Gipuzkoa sendo bat» eratu nahi dute, «enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa» sustatuta, «desberdintasun sozialak murriztuta», herrialdearen «etorkizuna eraikita eta bermatuta» eta «jendearen konfiantza berreskuratuta».
«Bi eredu» kontrajarri ditu Olanok: EAJ eta EH Bildu
EAJko diputatugai nagusia PSErekin aliantzan jarraitzearen aldekoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu