Bi eragileri herri akusazio gisa aurkeztea ukatu die auzitegiak 'Zaldibar auzian'

Zaldibar Argitu plataforma eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna ezin izango dira herri akusazio gisa aurkeztu auzibidean

Zaldibar Argitu plataformak deitutako mobilizazio bat, Zallan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
joxerra senar
2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ohar bateratu batean adierazi dute birritan ukatu dietela Zaldibarko zabortegiaren luiziaren inguruko auzian herri akusazio gisa aurkeztu ahal izatea. Apirilaren 30ean Durangoko auzitegiak atzera bota zuen eskaera, eta, errekurtsoa jarri ostean, orain erabaki bera hartu dute bigarren aldiz: «Orain berriro esan digute ezin garela herri akusazio gisa aurkeztu langileen eskubideak defendatu ahal izateko». 2020ko otsailean Zaldibarko zabortegian izan zen luiziaren ondorioz, bi langile hil ziren: Joakin Beltran eta Alberto Sololuze. Langileen eskubideen aurkako deliturik egon ote zen argituko du auziak, eta, bi plataformen arabera, «argitu gabeko kontu ugari daude» oraindik. Hala, oharrean nabarmendu dutenez, herritar gisa eskubidea dute auziaren barruan egoteko. «Juridikoki ez dago arrazoi nahikorik prozeduratik kanpo utziak izateko», salatu dute.

Autoan aipatzen denez, herri akusazio gisa aurkezteko, «interes gehigarri berezia» badela aurkeztu behar da, eta, epaitegiaren arabera, ez dute halakorik egiaztatu. Haatik, bi elkarteek oharrean salatu dute interes berezi hori ez dagoela arautua, «herritar gisa eskubidea dugu horretarako». Oharrean diotenez, auzian argitu nahi dute zer harreman diren «Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen artean, langileen segurtasun neurriak eta eskubideak urratu diren, ingurumenaren aurkako jarduerak egin diren zabortegian...». Haien ustez, horregatik, «funtsezkoa» da herri akusazio «sendo» bat egon ahal izatea. «Horregatik utzi nahi gaituzte kanpoan; ez dute interesik benetan zer gertatu zen argitzeko», ondorioztatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.