Bi enpresari epaitu dituzte, Deba ibaian zianuroa isurtzeagatik

Uraren Euskal Agentziak 2018ko otsailaren 20an baieztatu zuen zianuro isuriak izan zirela. Ia 70.000 arrain hil ziren isuriaren eraginez.

SORALUZE
Deba ibaiaren artxiboko irudia, Soraluzen (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko urtarrilaren 11
19:55
Entzun

Urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak bi enpresarirentzat, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, akusazio partikular gisa, 200.000 euroko kalte ordaina eskatu du, kartzela zigorrez gain. Motiboa: Deba ibaira zianuroa isurtzea, Bergaran (Gipuzkoa). Gaur izan da epaiketa.

2018ko otsailaren 18an ohartu ziren isuriaz, Gipuzkoako basozainek milaka arrain ikusi baitzituzten hilda ibai bazterrean. Uraren Euskal Agentziak laginak hartu zituen, eta, handik bi egunera, baieztatu zuen zianuro isuriak zirela ibaikoak.

Zianuroa zela argitzea gakoa izan zen isuria nork eragin zuen ikertzeko. Ertzaintza eta Gipuzkoako Foru Aldundia elkarlanean ibili dira ikertzen, eta Bergaran galvanizazioa egiten duten lantegi bateko bi enpresari jo dituzte erruduntzat.

Guztira, ia 70.000 arrain hil zirela kalkulatu zuten orduan: 23.000 loina eta 46.500 txipa.

«Hildako arrain mordoa»

Basozain batek bere testigantza eman du epaiketan; adierazi du ibai bazterrean «arrain mordoa hilda» zegoela abisatu ziotela, baita arrain asko ibaiertzera salto egiten ari zirela ere.

Akusatutako enpresarien lantegia ikertu zuten ertzainek, eta ohartu ziren hiru ur horbitatan zegoela zianuroa; horietako bat ibaiarekin konektatuta zegoela ere ikusi zuten. Ertzaintzak ondorioztatu du uholde txiki bat izan zutela lantegian, eta horregatik isuri zela zianuroa ibaira; izan ere, frogak hartzera joan zirenetako batean, produktu xurgatzaile bat antzeman zuten lurrean.

Beste ertzain batek adierazi du enpresak ez zuela zianuroa erabiltzeko baimenik, eta uste du ibaira egindako isuria «nahiko handia» izan zela, izan zuen inpaktu handiagatik. Enpresako langileek ere deklaratu dute, eta adierazi dute lantegian ez dutela zianurorik erabiltzen. Bi enpresariek ere gauza bera esan dute, baina gehitu dute posible dela zianuroa «ustekabean» sartu izana lantegian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.