Ipar Euskal Herriko bi eleko eskola publikoak 5.000 ikasleren heina gainditu duela jakinarazi du Frantxua Maitia EEP Euskararen Erakunde Publikoko presidenteak. Eredu publikoak ez ezik, pribatuak eta Seaskaren murgiltze ereduak ere gorakada nabarmena izan dute. EEP sortu zenetik aitzinamendu nabarmena egon dela adierazi du Maitiak, eta azaldu gaur egun eskolen erdiek bi eleko hezkuntza eskaintzen dutela eta ikasleen herenak ari direla sistema horretan ikasten. Bi eleko sistema publikoan ez ezik, eskola pribatu katolikoan eta Seaskan ere gero eta haur gehiago ari dira euskaraz ikasten.
Neguko izen emateen arabera, heldu den eskola sartzean 5.056 ikasle igurikatzen dituzte bi eleko eskola publikoan, iaz 4.781 ikasle zirelarik. Eskola pribatu katolikoan, 2.100 ikasle izanen dira, iaz baino ehun ikasle gehiago. Seaskak azken urteotako hazkunde erritmoari eutsiko dio, eta 2.100 ikasle baino gehiago bilduko ditu lehen mailan, iaz baino 150 gehiago. Hazkunde ofiziala hori baldin bada ere, errealitatean handiagoa izanen da, Akademia Ikuskaritzak ez baititu kontuan hartzen Seaskan eskolatuak dauden 2 urteko haurrak.
Bigarren maila
Heldu den eskola sartzean plantan ezarriko dute bi eleko eskaintza Zuberoan eta Nafarroa Beherean, Atharratze eta Donapaleuko ikastetxe publikoetan, hain zuzen ere. Gisa berean, Baionako Paul Vert lizeoan bi eleko eskaintza eginen dute lanbide heziketan. Lehen mailari dagokionez, irekitzeak Lapurdin, Milafrangan eta Angelun izanen dira.
Ama eskolei dagokienez, esperimentazio gisa euskara hutsezko eskola osatuko dute Miarritzen. Gelan euskara erabiliko dute haurrek, baina ez da eskaintza hori bermatzen gelaz kanpoko zerbitzuetan. Garrantzi handiko urratsa dela nabarmendu du EEPk. Izan ere, Frantziak ez zuen onartzen euskara izatea ikasgelako hizkuntza bakarra. Salbuespenak onartzen dituen «esperimentazio»ereduan bermaturik, ildo hori Miarritzen irekitzea lortu dute, heldu den eskola sartzetik hasita. Estatuak esperimentazio hori bermatuko duela dio Akademia Ikuskaritzak.
Bi eleko eskola eta gelak irekitzea gero eta «zailagoa» dela onartu du Maitiak. Bi eleko eredurako urratsa egin nahi zuten eskola gehienek egin dute bide hori. Hemendik aitzina dagoen erronka gogorragoa izanen dela aitortu du. «Menturaz, lanik errazena egin dugu orain artean, baina badakigu anitz gelditzen dela egiteko». Hala ere, orain arte egindako bidea goraipatu du Maitiak, EEP sortu zenetik izandako bilakaeraren bilduma eginez.
Etorkizuneko erronkak izendatu ditu Max Brisson EEPko presidente ohiak. Lehenik eta behin, bigarren mailako eskaintza zabaltzea. Gaur egun Historia-Geografia eta Euskara bera baino ez dira euskaraz ikasten. Oren parekotasunetik urruti da errealitatea. Gisa berean, EEPren sorreran indarrean jarri zen eskariaren araberako eredua aldatu eta eskaintzaren araberakoa zabaldu behar dela uste du Brissonek. «2004ko protokoloa berriz aztertu behar da, eta gure lana eskaintza orokortzera bideratu».
Hezkuntza sistema kuantitatiboki biziki aitzinatu dela nabarmendu du Brissonek. Egitura hori eraginkorra bihurtzeko alde kualitatiboan urratsak egin behar direla azpimarratu du, eta prozedura horretan aitzinatu ahal izateko eragile guztiek gogoetak bultzatu beharko dituztela gaineratu du.
Euskara
Bi eleko eskola publikoak 5.000 ikasle ukanen ditu
Euskaraz ikasten duten ikasleen kopuruak gora eginen du eredu publikoan, pribatuan zein Seaskaren ereduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu