KEM Bilboko talde antimilitaristako bi kide epaitu dituzte gaur, 2021eko abenduan egindako protesta baketsu batengatik. Espainiako Armadak Irala auzoan duen kuartela eraisten ari zirela antzeztu zuten; azpiegiturako hormetako batean kalteak eragitea leporatuta, fiskalak hamazortzi hilabeteko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isuna galdegiten zuen du ekintzaile bakoitzarentzat, eta epaiketa amaitzean mantendu egin du zigor eskaera hori. «Garrantzi handiagoa ematen diete horma batean egindako kalteei, gerrateek sortutako kalteei baino; hori da larriena», salatu du, epaitegiaren atarian, Gorka Iturrino Gorostiaga auzipetuak.
Hain zuzen, epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute antimilitaristek, hainbat gizarte eragilek babestuta, Bota kuartela lelopean. Izen bereko kanpainaren barruan egin zuten Iralako protesta, Iturrinok gogora ekarri duenez: «Ekintza zuzen ez-biolento haren bidez salatu genuen gerrak halako eraikinetan hasten direla, eta eskatu genuen kuartel militarra botatzea eta haren lekua ekipamendu sozialetara bideratzea, auzotarren eta herritarron bizi baldintzak hobetzera».
Askotan egin dituzte halako protestak Iralako kuartelean, baina ez dira epaiketetara iritsi. Dena den, adierazi dute kanpainarekin aurrera jarraituko dutela. Izan ere, «NATOren exijentzien eta bestelako erabaki politikoen ondorioz», gastu militarra igotzen ari dela ekarri du gogora Eneko Elorriaga Astigarraga auzipetuak: «Aurten 48.000 milioi eurotik gorako aurrekontu bat izatea aurreikusten dute; hori diru sail sozialetatik kentzen da, bereziki osasungintzatik eta pentsioetatik. Horregatik segituko dugu azpiegitura militar guztiak eraisteko eskatzen».