Bi ehiztari identifikatu dituzte bala bat Zigoitiko etxe batera sartu eta gero

Balak kristala jo du, eta etxe barrura sartu da. Basurde uxaldi batean parte hartzen ari ziren bi ehiztariak.

Ehiztari baten tiroak jo zuen eraikina, Deban. Emakume bat hil zen. JUAN HERRERO / EFE
Ehiztari baten tiroak jo zuen eraikina, Deban. Emakume bat hil zen. JUAN HERRERO / EFE
jakes goikoetxea
2025eko otsailaren 22a
18:30
Entzun

Ertzaintzak bi ehiztari identifikatu ditu gaur. Poliziak uste du bi ehiztari horiek zerikusia dutela Berrikaoko (Zigoitia, Araba) etxe batera sartu den balarekin, EFE agentziaren arabera. Balak 11:10ean jo du Berrikaoko etxe bateko leihoa, eta etxe barrura sartu da. Ez da inor zauritu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera.

Ertzaintzak basurde uxaldi batean parte hartzen ari ziren bi ehiztari identifikatu ditu. Oraingoz ez dute abiatu haien kontrako prozedurarik. Zer gertatu den ikertzen ari dira.

Gogoan izan behar da 2023ko abenduan Debako (Gipuzkoa) bere etxean zegoen 75 urteko emakume bat hil zela basurde uxaldi batean parte hartzen ari zen ehiztari batek tiro egindako bala batek jota. Gipuzkoako Foru Aldundiak 22 zehapen espediente zabaldu zizkien parte hartu zuten ehiztariei, ustez arauak hausteagatik: ehiztari guztiei, baimendu gabeko eremu batean uxaldia egiteagatik eta segurtasun eremuaren barruan ehizatzeagatik; uxaldiaren arduradunari eta tiro egin zuten sei ehiztariei, pertsonen osotasuna arriskuan jarriz tiro egiteagatik; arduradunari, uxaldiaren eskaeraren informazioa eta gertatua bat ez etortzeagatik ere; eta ehiztari bati, ehiza kuadrillako kidea izan gabe gonbidatu gisa parte hartzeko izapidea bete gabe parte hartzeagatik. Espediente horietako hiru eten egin dituzte, zigor bidetik tramitatzen jarraitu baitute. 

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.