«Bi egiteko nagusi ditugu: elkartasuna eta salaketa»

AAMren egitekoa zein den azaldu dute, eta errepresioa dagoen bitartean salaketa egongo dela ohartarazi

OIHANA ELDUAIEN MADRIL
2008ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Auzipetuek Amnistiaren Aldeko Mugimenduan aritu diren bitartean egin dutena «elkartasuna batzea eta eskubide urraketen salatzea» izan da batik bat, defentsaren galderei erantzunez azaldu zutenez. Julen Zelarainek esan zuen AAMren egitekoa elkartasuna dela, «hizki handiz». Bera AAMn lanean hasi bazen, horrexegatik izan zela esan zuen. Izan ere, bere arabera, «euskal preso politikoei giza sufrimenduan oinarritutako espetxe politika jartzen zaie, salbuespen neurriekin. Beraien suntsiketa fisiko eta psikikoa nahi dute».

Zelarainek azaldutako eskubide urraketa motibazio izan zuten besteek ere. Horretaz gain «duintasunagatik» hasi zela esan zuen Aratz Estonbak, eta preso egon ondoren erabaki zuten AAMn lanean hastea Aitor Jugok, Julen Larrinagak, Josu Beaumontek, Alejandro Belaskok, Iñaki Retak, Juan Mari Olabarrietak, Mitxel Sarasketak eta Gorka Zulaikak.

Espetxean ikusitako «eskubide urraketak» salatu eta haiek «demokratikoki gainditzeagatik» egin zuen Junkok, bizitako «apartheid penitentziarioa» salatzeko Larrinagak, Frantziaren kanporatzeen berri ematen hasi zen Beaumont, 20 urtean espetxean egon ostean bizitako «urraketa ugariren» berri emateko Sarasketa, eta «sakabanaketaren ondorioak arintzeko» helburuz Zulaika.

Preso zeuden denboran senitartekoek kilometro ugari egin behar izaten zituztela ikusi zuten. Senide horiei elkartasuna ematea eta laguntzea ezinbestekoa dela azpimarratu zuten, eta elkartasun mota bat elkartasun ekonomikoa zela argitu zuen Zelarainek. 700 preso baino gehiago sakabanatuta egoteak kostu ekonomiko handiak dituela azpimarratu zuen, eta laguntzeko elkartasun ekonomikoa ere bilatzen zutela.

Jon Imanol Beaskoak azaldu zuen, elkartasun ekonomiko hori pilatzeko zein tresna erabiltzen zituzten: txosnak, zozketak eta norbanakoaren borondatezko ekarpenak. Diru horrekin, laguntza psikologikoa ere ematen zioten errepresioaren ondorioz beharra zuenari.



TXOSNETAKO KAMIOIAREN GIDARI.Hain justu, elkartasun ekonomiko hori bilatzen herriz herri ibiltzen zen txosna garraiatzeagatik eserarazi zuten atzo akusatuen aulkian Jorge Luis Arredondo. Gidatuz erakusten zuen hark elkartasuna.

Elkartasun beharra gero eta handiagoa dela azaldu zuten auzipetuek epaiketan, gero eta preso gehiago daudela salatuta. Auzitegi Nazionalak azken hamarkadan egindako «jauzi errepresiboa» gogora ekarri eta «askatasun publikoak» murriztu dituztela salatu zuten. Honela esan zuen Estonbak: «Zigor zuzenbidearen aldaketarekin Euskal Herrian eskubide zibil eta politikoen urraketa sistematikoak izan dira: egunkariak itxi dituzte, manifestazioak ilegalizatu eta jendea jipoitu dute, alderdi politikoak legez kanpo utzi dituzte, eta abar luze bat. Hori guztia ez litzateke posible izango Auzitegi Nazionala bezalako tribunalak egongo ez balira».

Eskubide urraketa hori nazioartean salatzen Behatokitik egindako lanagatik ari dira epaitzen Julen Arzuaga. Egindako salaketak hiru gai nagusi izan dituela azaldu zuen. Batetik, Espainian torturatzeko «inpunitatea» dagoela salatzen du; bestetik, oinarrizko eskubideen murrizketa, eta hirugarrenik, Espainian egiten den «terrorismoaren» erabilera «gero eta zabalagoa. Gai horiei buruzko txostenak nazioartean zabaltzeagatik bera auzitera ematea «mendekua» erabiltzea dela esan dio epaimahaiari.

Bigarren egiteko nagusia, salaketa egitearena, Auzitegiraino eraman zuen Zelarainek. Hala, azken 30 urteko «estatu indarkeriak» 22 preso hil dituela, «gerra zikinak» 26 lagun hil dituela, hiru euskal herritar «oraindik desagertuta» daudela, polizia etxeetan zazpi lagun hil dituztela, eta bisitara bidean 16 senide hil direla salatu zuen. Azpimarratu zuenez, «AAMk hori guztia amaitzeko egiten du lan».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.