«Erosketa arratsalde lasaia izan behar zuen, baina zapuztu egin ziguten. Emakume ijitook ez genuke tratu umiliagarria jasan behar emakume ijito izateagatik». Irmo mintzatu zen Manuela Vega Manzanares Bilboko lurrin denda batean pairatutako jazarpenari buruz, atzo goizean Amuge andre ijitoen elkartearen egoitzan eginiko agerraldian. Halako bi arrazakeria kasu salatu zituzten, eta, Romi Berriak taldearekin batera, arratsaldean kalean egin zuten protesta, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzatik abiatutako manifestazioan, antitziganismoa gaitzesteko. «Halako jokabideak normalizatuta dauzkagu, baina albiste bihurtu behar ditugu», adierazi zuen Tamara Claveria Amugeko arduradunak.
Amuge elkarteak berak 2020an ohartarazi zuen supermerkatuetan eta merkataritza guneetan andre ijitoek jasaten duten arrazakeriaz: Bizkaiko hainbat dendatan eginiko proba batean, «sistematikotzat» jo zituzten ijitoen aurkako jarrera kriminalizatzaileak eta tratu diskriminatzailea. «Lapurrak garelako estereotipoak pisu handia du oraindik: jazarri egiten zaizkigu; zaborraren pare tratatzen gaituzte. Traumatikoa da». Horren seinale, Amugera iritsitako bi kasu salatu dituzte, Bilboko erdigunean gertatuak.
Vegak azaldu duenez, dendara sartu eta berehala nabaritu zuten «presentzia bat», gizonezko langile batena. «Korridoreetatik guri jarraitzen hasi zen. Galdetu genion ea arazorik al zen, eta harrokeriaz barre egin zuen. 'Tokatu zaizue', esan zigun. Galdetu genion emakume ijitoak ginelako al zen, eta baietz erantzun zigun». Hori grabatua du Vegak, baina, halere, haien aurka bihurtu zen kexa egitea: «Iskanbila piztea egotzi ziguten. Inguratu egin gintuzten, eta denda osoa geratu zitzaigun begira; gizartearen arbuio guztia sentitu genuen orduan». Erreklamazio orriek ez dute erantzunik jaso oraindik.
Claveriak eman du beste kasuaren berri: «Ez dute jendaurrean atera nahi, lotsatuta daudelako, baina gizarteak lotsatu behar luke halakoengatik». Arropa denda batean gertatu zitzaien bi andreri. «Segurtasun langilea jarraika hasi zitzaien. Ordu laurden inguru egin zuten han, eta beste denda batera joan ziren; bost minuturen buruan, sei polizia agertu ziren». Claveriak argitu du aurrez ez zitzaiela inor hurbildu, eta alarmak ere ez zuela jo. «Atxiki egin zituzten, aldageletara eraman, eta, azalpenik eman gabe, zorroak miatu zizkieten; biluztera behartu zituzten, barruko arropan geratu arte». Poliziek muga bat gainditu zuten: «Gure gorputzak ezin dira ukitu».
«Oso gogorra da denda batera sartzea, edonork lasai egiten duen zerbait egin nahi izatea, eta gure eskubideak horrela urratzea», ondorioztatu du Claveriak. Vegak erantsi du halakoek ondorioak izaten dituztela emakumeengan: «Antsietatea, larridura, beldurra... Ez dugu dendetara joan nahi, halakorik ez jasateko; Internet bidez egin beharko ditugu erosketak».
Bide juridikoa aztergai
Bi kasuotan nola jardun aztertzen ari da Amuge, abokatuekin batera. Izan ere, Amugek gogora ekarri du ezaugarri etnikoei lotutako identifikazioak «eraso arrazistatzat» hartzen dituena NBE Nazio Batuen Erakundeak, eta Hego Euskal Herrian indarrean den tratu berdintasunerako legeak ere aipatzen duela segurtasun indarrek ezin dituztela «soslai diskriminatzaileak erabili».
Baina, epaitegietan egin daitekeen bideaz gain, gizartean egin beharrekoaz ere aritu da Claveria: «Arropa dendan miatu zituzten emakumeak negarrez egon ziren, laguntza eske, baina ez zitzaien inor hurbildu». Diskriminazio hori amaitzeko, beharrezkotzat jo du jokabide arrazistak ez ukatzea: «Halako jarrera bat aurpegiratzean, langileek eta poliziek mehatxu egin diete ijitoei, esanez salatu egingo dituztela arrazista deitzeagatik. Arrazakeria da, bai, eta konturatu egin behar dute».
Bi dendatan jasandako tratu arrazista salatu dute emakume ijitoek Bilbon
Amuge eta Romi Berriak elkarteek manifestazioa egin dute, antitziganismoa gaitzesteko. «Normalizatutako» jokabideak «albiste bihurtzera» deitu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu