Laster 25 urte beteko dira PSE Euskadiko Alderdi Sozialistak eta EE Euskadiko Ezkerrak bat egin zutenetik. 1993ko martxoaren 27an egin zuten konbergentziarako kongresua, Bilboko Arriaga antzokian; gaur, ekitaldi bat egingo du PSE-EEk leku berean hura gogoratzeko.
Bi indarrek bat egitea ez zen gauza berria euskal politikagintzan: Euskadiko Ezkerraren barruan EIAk eta EPK-k bat egin zuten 1981ean, EMK-k eta LKIk berdin egin zuten 1991n Zutik sortzeko, eta bestelako esperientziak ere egon ziren. Baina PSE eta EEren arteko uztartzea desberdina izan zen kualitatiboki zein kuantitatiboki. Bi kultura politiko arras diferenteak ziren, jatorri desberdinetatik abiatu ziren—XIX. mendearen amaierako langile mugimenduan zuen jatorria PSEk; ezkerreko abertzaletasunean EEk—, eta bideak ere desberdinak izan ziren —marxismotik sozialdemokraziara; independentismotik autonomismora—, baina azkenean bi bide horiek gurutzatu ziren bakarra osatu arte.
Koalizio gisa, 1977an sortu zen EE, ekainaren 15ean egin beharreko hauteskundeei begira, eta EIA eta EMK ziren osagai nagusiak. Hamabost bat urteko ibilbidea izan zuen, eta oso denbora laburrean mugimendu ugari egin zituen: 1981ean konbergentzia prozesu bat egin zuten EPK Euskal Partidu Komunistarekin batera, eta 1982an koalizioa izateari utzi eta alderdi politiko izatera pasatu zen. Baina antolatzeko moduarena baino ikusgarriagoa izan zen bilakaera ideologikoa: euskal estatu sozialista aldarrikatzetik autonomismora, sozialdemokraziara eta Espainiako Konstituzioari «erabateko baiezkoa» ematera igaro ziren.
Kepa Aulestia (Ondarroa, Bizkaia, 1956) EEko idazkari nagusia izan zen 1985etik 1990era. «Politikan beti daude bi motatako alderdiak: batzuk, nolabait esatearren, estrukturalak dira, eta beste batzuk, aldiz, koiunturalak», esan du. «25 urte geroago argi ikusten da Euskadiko Ezkerraren esperientzia koiunturala izan zela, trantsizioari, lehen autogobernuari eta garai hartako errealitateari lotua. Bere erreferentziak ezkerrean bilatu nahi izan zituen abertzaletasunetik, edo abertzaletasunean ezkerretik. Ez ginen batere originalak izan. Originaltasuna abaguneak ekarri zuen».
Mikel Unzalu (Gasteiz, 1956) EIAko kidea izan zen Euskadiko Ezkerra sortu aurretik ere. EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) ETApm-k alderdi politiko bat sortzeko beharrizanaz egindako teorizazioaren ondorio zuzena zen, eta Euskadiko Ezkerra koalizioaren ernamuina izan zen. Unzaluk «bi bultzada» ikusten ditu EEren historian: «Alde batetik, demokratizazioa; jende asko ETApm-ren ingurutik zetorren, eta demokrazia liberala —garai hartan modu peioratiboan demokrazia burgesa izendatua— ez zuten begi onez ikusten. 1977an hauteskundeetara aurkeztu zenean, 1979an [Gernikako] Estatutua bultzatu zuenean, ETApm-ren disoluzioan esku hartu zuenean eta, azkenik, 1988an Konstituzioari baiezkoa eman zionean, EEren ikuspegia demokratizatzen joan zen».
Bigarren bultzada «ezkerraren batasuna» lortzea zen. «Guretzat ezkerraren batasunak berebiziko garrantzia zuen», dio Unzaluk. «Horrek azaltzen du denbora hartan egindako mugimendu askoren zergatia. Horren guztiaren motorra eta ideologoa Mario Onaindia izan zen. 1977an atzerritik etorri zenetik oso argi izan zuen hori».
Ramon Jauregi (Donostia, 1948) PSEren idazkari nagusia zen garai hartan, eta, Mario Onaindiarekin batera, konbergentzia prozesuaren eragile nagusia izan zen. Dioenez, prozesua abiatu aurretik ere ibili ziren bi esparru politiko haien arteko harremana lantzen. Alde horretatik, 1987ko EAJ-PSE koalizio gobernua mugarri izan zen, aldez aurretik egindako negoziazioetan«harreman pertsonal oso estua» garatu baitzuten EEko zenbait kiderekin: «Mario Onaindiak, Xabier Markiegik, Juan Manuel Egiagaraik, Txiki Benegasek eta bostok kuadrilla moduko bat sortu genuen», esan du.
EEren bukaera
EEren azken urteak, 1989tik aurrerakoak, oso zalapartatsuak suertatu ziren. Alderdia erdibiturik zegoen, barne arazo eta liskar handiak zeuden, eta, horren ondorioz, eszisioa iritsi zen.
Desadostasunen arrazoi nagusia izan zen EEn zeuden bi pultsioak, abertzalea eta ezkerrekoa, bateratzeko zailtasuna —Aulestiak dioenez, «haustura hortik etorri zen, ezkerra eta abertzaletasuna ez direlako hain erraz ezkontzen»—, baina bestelako arrazoiak ere egon ziren: «Orain esan dezaket, baina Bandresek, Onaindiak eta hirurok oso gaizki amaitu genuen, desberdintasun politikoetatik harago. Bateraezintasunak sortu ziren, eta inoiz ez da jakiten desberdintasun politiko eta ideologikoek pertsonen arteko urruntzea sortzen duten, edo alderantziz; seguru asko, biak batera suertatzen dira. Gu ez ginen gauza izan gure arteko harremanak beste modu batera kudeatzeko».
Sektore batek Euskal Ezkerra (EuE) izena hartu zuen; 1993ko hauteskundeetan —Espainiako Gorteetarako— EArekin koalizioa egin eta oso emaitza apalak lortu ondoren, EuE desagertu egin zen. EE siglekin gelditu zen sektoreak, berriz, PSEra hurbiltzeko prozesu bati ekin zion. «Guk pentsatzen genuen sozialdemokrazia indartu behar zela, eta Euskadin hori PSErekin bat egitea zen», dio Unzaluk. «Hor ere Onaindiak zerikusi handia izan zuen, nahiz eta ordurako bera Madrilen bizi zen».
«Ni EEn egon nintzen bitartean PSErekin bat egiteko proposamena ez zen azaldu», esan du Aulestiak. «Bitxia da: alde batean geundenoi EAra joan nahi izatea leporatzen ziguten, eta horrek seguru asko jende asko beldurtu eta beste aldera lerrokatzera eraman zuen. Beti esan dut hausturan gehiengoak gutxiengoa kaleratu zuela,eta gehiengoa erdiak gehi bat zirela, eta gutxiengoa erdiak ken bat. Hala ere, erdiak gehi bat horrek ez zeukan PSEn sartzeko asmo adostu bat; asmo hori ezkutuan mantendu zen».
Negoziazioak
EEren V. Kongresuan (1992ko otsaila) onartu zen sozialistenganako «hurbiltze estrategikoa» abiarazteko egokitasuna, eta «errealitate nazionala modu positiboan bere egingo zuen ezkerra eraikitzea». Sozialistekin negoziazioak hasi zirenean, EEko kideen azken helburua zen bi indarren arteko uztartzetik alderdi guztiz berria sortzea; Kataluniako PSC zen haientzat erreferentea. Baina negoziazio prozesuak aurrera egin ahala argi gelditu zen gauzak desberdinak izango zirela.
«EE nahiko ahulduta joan zen prozesura», esan du Unzaluk, «eta egia da hasierako itxaropenak ez zirela bete. Argi hitz eginda, Ramon Jauregik eta beste batzuek bete-betean sinetsi zuten prozesu hartan, baina PSEn egon zen hura marketin operazio gisa ikusi zuenik ere».
«Prozesu hauek izan ohi dituzten zailtasunak izan zituen hark ere», azaldu du Jauregik. «Gu saiatu ginen absortzioaren irudia uxatzen, hau da, PSEk EE irensten zuela, bazegoelako alderdi handi bat eta alderdi txikiago bat. EE eszisio batetik zetorren, eta guregandik gertuen zegoen aldeak, Jon Larrinaga buru zuenak, nolako neurria izango zuen inork ez zekien, ezta bozetan ere. Gainera, alderdi handiak bere egin behar zituen txikiaren zorrak. Baina gure asmoa beti izan zen berdinen arteko uztartzea sustatzea».
Sara Hidalgo (Pasaia, Gipuzkoa, 1986) historialaria da, eta aste honetan aurkeztu du Gaizka Fernandez Soldevillarekin batera idatzitako La unión de la izquierda vasca. La convergencia del PSE-EE liburua (Euskal ezkerraren batasuna. PSE-EEren konbergentzia). Azaldu du EEtik atera zen sektoreak indar handiagoa zuela Gipuzkoan, eta Bizkaian, aldiz, PSErekin bat egitearen aldekoago ziren. «PSEn, gauzak asko sinplifikatuz, alderantziz gertatu zela esan daiteke: Gipuzkoan prozesuaren aldekoago ziren, baina Bizkaian soziologia desberdina zen, Ezkerraldean batez ere, eta beste modu batera ikusten zuten. Dena dela, nik ez nuke esango kontra zeudenik: kongresuan konbergentziaren kontrako boto bakarra egon zen, Fernando Mugika gipuzkoarrarena».
«Guk gehiengoa erdietsiko zuen alderdia sortu nahi genuen, EAJri gailentzeko gauza izango zena», esan du Jauregik. «Eta hori baino garrantzitsuagoa, bi kultura politiko desberdin eta are bi errealitate sozial desberdin uztartu nahi genituen. Konpromiso identitario eta autonomistekin identifikatuago zegoen ezker nazionalistaren kultura eta immigrazioarekin eta langile mugimenduarekin zerikusi handia zuen beste kultura politikoa uztartu nahi genituen».
Konbergentzia prozesua burutu eta gutxira, Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak aurreratu eta Espainiako Gorteetarako bozak egin ziren. PSE-EE marka berriak oso emaitza onak lortu zituen: «Batzuek pentsatu zuten, eta ni horietako bat izan nintzen, herritarrek hauteskundeetan saritu egin zutela bat egiteko prozesua», dio Jauregik. «Seguru asko, Euskadin boto baliagarri asko jaso genituen Aznar gailendu ez zedin, baina guk sinetsi genuen hauteskunde autonomikoetan irabazi eta ni lehendakari izan nintekeela».
Hauteskunde autonomikoak iritsi zirenean, ordea —1994ko urrian—, PSE-EEren emaitzak oso kaskarrak izan ziren. «Leku guztietatik eman ziguten», azaldu du Jauregik, oso modu adierazkorrean. «PSEk hamasei diputatu zituen, eta EEk, sei. Teorian, batuketak 22 ematen zuen, baina hamabi atera genituen. Orduan ikasi genuen politikan bi gehi bi ez direla beti lau». Jauregik dio porrot hark kalte egin ziola proiektuaren bilakaerari, baina ez du uste guztiz galbidera eraman zuenik: «Prozesu hark jarraitu du garena elikatzen».
Jauregik gogoan du hurrengo urteetan Onaindia eta bera saiatu zirela proiektu berriaren soslaia definitzen, eta horrek mugimendu batzuk egitera eraman zituela: «Adibidez, Mario tematu zen Egunkaria-rekin akordio zabala erdietsi behar zela, eta akordio hori bultzatu zuen, pentsatzen zuelako EAJ ezin zela euskalgintzaren bitartekaritzaren monopolioa izan; eta, adibidez, Tolosako (Gipuzkoa) Galtzaundi foroaren gonbidapena onartu genuen, eta han hitzaldi bat eman genuen euskaraz, oso kontrakoak ziren ikusleen galderak onartuz, eta abar. Horrelako gauzak egin nahi genituen».
Unzaluk ere aitortzen du zapuztu antzean gelditu zela proiektu berriaren mugak ikusita: «PSE-EEren Batzorde Eragiletik atera nintzen sartu eta urtebetera, eta, militante izaten jarraitu nuen arren, politikaren lehenengo lerroa utzi eta nire lanbidean aritu nintzen, 2009an Patxi Lopez lehendakaritzara iritsi eta deitu ninduen arte. Lopezek EEko jende asko berreskuratu zuen». Jauregik ere uste du Lopezen agintaldiak neurri batean berreskuratu zuela konbergentziaren espiritua.
Oso desberdina da Aulestiaren balantzea: «EEn geundenon %10ek baino ez zuten parte hartu konbergentzia prozesuan, 220 bat lagunek. Horrek ez du esan nahi haustura gertatu ondoren beste batzuk afiliatu ez zirenik konbergentziaren atarian, geroago EEko militantetzat agertu diren batzuk nik ez baititut inoiz ezagutu, baina, EEren afiliazioari dagokionez, ez zen konbergentzia prozesurik egon. Suposatzen dut itxura aldetik PSE siglen ondoan EE jartzeari ongi iritzi ziotela, eta horrek eraginen bat izango zuela, baina ez dut uste inoiz horri etekinik atera diotenik, edo horregatik vasquistago bilakatu direnik».
Hidalgok, aldiz, uste du konbergentziak lagundu zuela gai batzuk normalizatzen —«euskararen erabilera, esaterako»—, PSEri «balio handiko koadroak» ekarri zizkiola eta «ezkerraren batasuna» indartzeko balio izan zuela.
Bi bidek bat egin zuten parajea
Duela 25 urte, bat egitea erabaki zuten PSEk eta EEk. Jatorri eta ibilbide oso desberdinak zituzten bi kultura politiko haien konbergentziak bazuen nazionalismoaren eskuetatik hegemonia politikoa bereganatzeko bokazioa, xedea lortu ez zuten arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu