ERAKUNDEEN ANTOLAKETA
Iparraldea, egituratuta
Euskal Elkargoa da bi hamarkadotako lorpenik esanguratsuenetako bat, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa erakunde bakarrean biltzen dituen instituzio politikoa eratu denez gero. 2017an sortu zen Euskal Hirigune Elkargoa, eta forma eman zion azken bi mendeetako aldarrikapen bati: Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazioari. 2002. urtean eratu zuten Batera plataforma, eta hark eraman du erakunde propioa osatzeko aldarriaren bandera. Frantziako Gobernuak ezezkoa eman zion departamentuaren eskaerari, baina Batera-k lurralde elkargo baten aldeko hautua egin zuen 2009an, eta handik urte batzuetara heldu zen Parisen proposamena: orduko hamar herri elkargoak bakarrean batzea. Herriko etxeen bi herenek babestu zuten egitasmoa.
Berezko egiturak sortzeko bidean, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eman zuen pausoa urte batzuk lehenago. 2005ean eratu zuten, baina Pirinio Atlantikoetako prefetak auzitara eraman zuen, «egitura paralelo eta legez kanpoko bat» sortu zutelakoan. 2010ean heldu zen absoluzio epaia.
Nafarroan, UPN zegoen gobernuan 1999 amaieran, Lizarrako akordioa azkenetan zegoenean, eta agintean jardun zuen 2015era arte, etenik gabe; bakarka batez ere, CDNrekin bi aldiz eta PSNrekin koalizioan 2011 eta 2012 bitartean. ETAren indarkeriarik gabeko jokalekuan, ordea, oposizioko alderdiek aukera izan zuten UPN gobernutik kanporatzeko 2015eko udal eta foru hauteskundeetan; hortaz, gobernu akordioa egin zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Mugak muga, gobernu aldaketak balio izan du nazio eraikuntzan urratsak egiteko; izan ere, hiru urteotan, Uxue Barkosen gobernuari esker, ETB Nafarroan ikusten da, herrialdeak bat egin du Euskal Autonomia Erkidegoak eta —Akitaniaren parte izanik— Ipar Euskal Herriak osatutako Euroeskualdearekin, eta ohikoagoa da Hegoaldeko bi gobernuen arteko harremana.
Udal mailan ere egin dira nazio erakundeak garatzeko urratsak. 1999ko irailean sortu zuten Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra, Udalbiltza, baina, hura bitan banatuta, ezker abertzaleko hautetsiek babestutakoaren aurkako operazioa agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak, de facto partzuergoa deseginda. 2011ko urtarrilean eman zioten absoluzioa, eta 2013an eratu zuten berriro.
BAKEGINTZA
Normalizazioranzko bidea
Bakegintzaren alorrean ere aldatu da panorama politikoa, ETAk jarduera armatua amaitu eta erakundea desegin duenez gero. 1999ko azaroan su-etena amaituta, ETAk 2000. urtean berrekin zien erasoei, eta 58 lagun hil zituen 2010era bitartean. Loiolako prozesuak (2006) porrot egin osteko ezker abertzalearen gogoetaren ondorioz, ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuen, 2011ko urrian. Harrezkero, hainbat saio egin bazituen ere, ETAk beste sei urte behar izan zituen armagabetzeko. 2017ko apirilean utzi zituen bere kontrolpean zituen armategiak hainbat herritarren esku, nazioarteko eragileei armen kokalekuen berri emanda. Jada armagabetua egonik, erakundea bera desegitea izan zen ETAren hurrengo erabakia; aurtengo maiatzean eman zuen horren berri.
Euskal presoen kopuruak ere gorabeherak izan ditu urteotan. Su-etenaren garaian, 450 inguru ziren, baina gora egin zuen gero, 700 pasaraino. ETAk jardun armatua eten zuenez geroztik, zifra urtez urte joan da apaltzen; egun 300 baino gutxiago dira. Gainera, ETAren armagabetzeak eta presoak «lege baliabideak» urratzen hasteak ahalbidetu zuen Frantziako Gobernua espetxe politikan pausoak ematen hastea eta hogei bat preso Mont-de-Marsan eta Lannemezango kartzeletara hurbiltzen hastea. ETA desagertuta, berriz, Espainiako Gobernuak ere asmoa azaldu du beste espetxe politika bat garatzeko.
Bi hamarkadotan, esanguratsua izan da legez kanporatzeko aroak ezker abertzalean utzitako lorratza. Lizarrako akordioa amaitu eta bi urte baino gehiagora, 2002ko ekainean, Espainiako Kongresuak Alderdien Legea onartu zuen, ex profeso ezker abertzaleko alderdiak legez kanporatzeko araua. 2003an debekatu zuten Batasuna, eta 2007ko udal eta foru bozetan ordezkaritzarik gabe geratu zen hainbat erakundetan, Nafarroako Parlamentuan, kasurako. Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetan, ezker abertzale ofizialeko zerrenda debekatu izanak gehiengoa eman zien PSEri eta PPri. Sektore hori 2011. urtean itzuli zen erakundeetara, Bildu koalizioaren bidez; erakundeetatik harago, ordea, ekinaldi judizialek legez kanpo utzi zituzten ezker abertzaleko beste esparru batzuk.
HERRI MUGIMENDUA
GEDen bultzada
Besteak beste ETAren jardun armaturik gabeko ziklo berriari esker artikulatu zen erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapena gizarte mugimendu baten inguruan. Gure Esku Dago 2013ko ekainean aurkeztu zen, eta, bost urteotan, hura izan da erabakitzeko eskubidearen aldeko mobilizazioen dinamizatzaile nagusia; 2014ko ekainean, giza kate batean 150.000 bat herritar bilduta, eta, antolatzaileen arabera, 2018ko ekainean 175.000 inguru elkartuta. Tartean, ia urtero antolatu ditu dozenaka milaka laguneko mobilizazioak. Horrez gain, herriz herriko galdeketak izan dira haren jardunbide nagusia: 2014az geroztik, haren gerizpeko plataformek galdeketak egin dituzte 203 herritan, eta 189.000 lagun ingururen botoak bildu. EAJk eta EH Bilduk babesa adierazi izan diote dinamikari, eta baita Ahal Dugu-ko sektore batzuek ere.
ESTATUS POLITIKOA
Orain arte, saio antzuak
1999. urteaz geroztik, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako estatus politiko eta juridikoak bere horretan jarraitzen du, horiek garatzeko saiorik izan bada ere. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela eginiko estatutu proposamena izan zen lehendabizikoa, besteak beste Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko «elkartasun askea» eta etorkizun politikoari buruzko galdeketa bat egiteko aukera jasotzen zituena. Bide hura Espainiako Kongresuan eten zen, 2005. urteko otsailean, Eusko Jaurlaritzak bi hilabete lehenago onartu eta gero. Loiolako bake elkarrizketetan ere sartu ziren eduki politikoetan: EAJk, Batasunak eta PSEk lortutako akordio zirriborroan, sinatzaileek Euskal Herriaren «identitate nazionala» aitortu zuten, eta konpromisoa adierazi zuten euskal herritarrek «modu aske eta demokratikoan» beren etorkizun politikoaz hartutako erabakiak Espainiako erakundeek errespeta zitzatela defendatzeko.
Saio hark porrot eginda, Ibarretxek beste ahalegin bat egin zuen estatus politikoa galdeketa bidez erabakitzeko. Eusko Legebiltzarrak Kontsulta Legea onartu zuen 2008ko ekainean, herritarrei galdera bat luzatzeko asmoz: «Ados zaude euskal alderdiek, bazterketarik gabe, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeari buruz Akordio Demokratiko bat lortzeko negoziazio-prozesu bati ekitearekin, eta Akordio hori 2010. urtea bukatu baino lehen erreferendumera jartzearekin?». 2008ko irailaren 11n, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen lege hura konstituzioaren aurkakoa zela. Hamar urte geroago, Eusko Legebiltzarra estatutua berritzeko prozesuan ari da; EAJk eta EH Bilduk estatus berriaren oinarriak adostu dituzte, eta bertan jasotzen da, besteak beste, erabakitzeko eskubidearen erakundetzea.
Hortaz, 1979ko estatutuak indarrean jarraitzen du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, 1998-99. urteetan bezala, erabat betetzeke dago oraindik, Jaurlaritzari dagozkion 37 eskumen Espainiako Gobernuaren esku baitaude. 1999az geroztik, hamasei eskumen eskualdatu dituzte, eta Jaurlaritzak Pedro Sanchezen agintaldia baliatu nahi du falta direnak eskuratzeko.
Abertzaleak ados zirenekoa
«Ilusioz» ekindako bidea
Nazio kontzientzia