Baztango (Nafarroa) eta Baigorriko gazteek, lehen aldikoz eta eskuz esku, Izpegiko bestak antolatu dituzte. Gaur, mintzaldi bat eginen dute mugaz gaindiko harremanez, Bereko Bentan. Besta egun nagusia bihar izanen da, goizetik. Oihana Bidart Basaizeako kidea (Baigorri, 1994) antolatzaile taldean da.
Nolako harremana duzue Izpegiz bi aldeetako gazteek?
Gazte gisa, badugu ohitura Baztango gaztetxera eta Erratzura besta egitera joateko. Baztandarren Biltzarrerat ere bai, Basaizearekin aspaldidanik baitute harremana. Izpegiko bestekin, oraino beste harreman batzuk piztu dira.
Nondik jin da ideia?
Betidanik bazen gogoa. Gero, zaila baita egitea, ez genuen sekula deus aitzinerat eraman. Konfinamenduan muga hetsi zuten, eta elkarretaratzeak egin genituen Izpegi kaskoan; bi aldetarik etorri zen jendea. Hor mintzatzen hasi ginen: «Zer toki ederra den: behar genuke zerbait egin hemen!». COVID-19a pasatu zen, eta, 2022an, bertso bazkari bat egin genuen Izpegin. Helburua zen guretzat egitea, aitzakia ukan genezan elkar ikusteko. Hortik, Izpegiko besten prestatzen hasi ginen.
Izpegiz bi aldeetako gazteek herrian bizitzeko eta herria biziarazteko grina sentitzen duzue?
Herrian bizitzeko gogoa bada oraindik, bai han, bai hemen. Eta bi aldeetan ohartu gara prezioen gorakada eta turismo masiboaren arriskua badela. Baztanen, azken urteetan, turismo masiboa ukan dute, Dolores Redondoren fikzioen ondorioz. Ohartzen dira eraginaz: prezio guziak igaten dira, etxe hutsak badira; hori berdin bizi dugu bi aldeetan. Bietan sentitzen dugu herrian bizi nahi dugula, eta euskaraz. Eta beste hainbat aldarrikapen: feminismoa, tokiko ekoizpenak erabiltzea, ez gauza kutsagarririk erostea…
Zuek baino gazteagoekin sentitzen duzue luzerako dela?
Berriki Basaizean sartu direnekin edo herriko 16, 17 eta 18 urteko beste gazte batzuekin mintzatzen garelarik, denek badute gogo hori: nahi dute harremana izan Baztangoekin. Espero dugu segituko duela, nahiz beti zaila den segurtatzea; elkarte bizia iraunaraztea zaila baita. Segur da gogoa badela.
Izpegiko lepoak duen eremuan nola pentsatu duzue besta?
Alde batetik, ahal bezainbat jende eta belaunaldi hunki nahi genituen. Ahal bezainbat errespetatu tokia. Horregatik, lanean hasi gara hango hiru bentekin, bestan integratuz. Gaurko mintzaldia benta batean eginen da. Bihar arratsaldeko poteoa eta arratseko ogitartekoak haiek dituzte eginen. Gero, badakigu leku aski zabala badela xapito bat ezarri eta kontzertuak egiteko. Aski naturalki etorri dira proposamenak: mendizaleak oinez jitea, bizikletariak berdin, ikastolen integratzea… Horretarako, harremanetan jarri ditugu bi aldeetako mendizale elkarteak eta ikastolak. Helburua da, gauden antolatzaileez gain, jende gehiagok harremana egitea.
Herriko etxeekin nola joan da?
Erratzu [Baztan] eta Baigorriko herriko etxeei eta ibarreko sindikatuari —aparkalekua harena da— baimena galdegin diegu, bai eta laguntza ere; Baztango Udalari ere bai. Baimena fite eman digute, eta, gainera, lagundu gaituzte, materiala prestatuz. Herriko etxeak gurekin dira, bai.
Bi estatuek jarri muga salatzeko ekitaldirik eginen duzue berriz?
Bertso bazkariaren karietara, jadanik, Frantzia idatzia zen seinalean Euskal Herria ezarri genuen. Badira inguruan beste sinbolo batzuk muga hor dela finkatzen dutenak, zeinekin nahi genukeen zerbait egin. Besta eguna da, baina aldarrikapenak ere egin nahi ditugu: Euskal Herri bat eta bakarra garela, mugarik ez dela kokatzen hor, euskaraz bizi nahi dugula herrian, eta elkarrekin bizitzeko balioekin errespetuan. Eraso sexista, homofobo eta arrazisten kontrako protokoloa martxan jarri dugu.
Izpegiko besten lehen aldia da. Xedetzat daukazue urte guziz egitea?
Bai. Gero, ikusten dugu lan handia dela. Espero dugu lotuko direla beste batzuk ere, eta ikusiko dugu zer arrakasta duen aurten. Azkenean, eguna polita izanen da, baina lehenagotik ukan ditugun bilkura guziak ere politak izan dira. Hor da egiazko harreman sakona sortzen.