Barakaldon (Bizkaia) bizi den emakume baten bila aritu da Polizia, haren bi alaba adingabeak bahitu dituela egotzita; atzo aurkitu zuten. Bi alabak haien aitaren familiaren esku utzi beharko ditu. Bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zuen Galiziako instrukzio epaitegi batek. Senarra eta bera bananduta daude, eta, elkarri tratu txarrak egitea egotzita, auzibide batean lotuta egon dira. Haurren behin-behineko zaintza aitaren esku dago.
Zabaldu den informazioaren arabera, amak bi alabak Ourensera (Galizia) eraman zituen aitari ezer esan gabe. Martxoaren 23ko ebazpen judizial batek andrea bi alabekin Barakaldora itzultzeko agindu zuen; epea amaitu zitzaion, eta ez zen itzuli. Ebazpen horrexek alaben behin-behineko zaintza adingabeen aitari eman zion, aitaren abokatuak azaldu duenez.
Bi adingabeen gurasoek aurrez salaketak jarrita zituzten elkarri tratu txarrak emateagatik; biak zigortu zituzten. Amak helegitea jarri zuen, eta absolbitu egin zuten bigarren instantzian; aitak, berriz, urtebete eta lau hilabete daramatza urruntze aginduarekin. Irailean amaituko du zigorra.
Bikotea banandu ostean, hitzarmen bat sinatu zuten, aitak haurrak bisitatzeko era izango zuela itundu zuten bertan. Baina 11 urteko alabak —besteak 6 ditu— amak Galiziara joateko zituen asmoen berri eman zion aitari. Orduan, neurri judizialak eskatu zituen aitak, baina amak plana bete zuen. Andreak bideokonferentzia bidez epaitegian adierazi zuen gizonak jarraitu egiten zuela eta mehatxatua sentitzen zela.
Bi alaba adingabe legez kanpo eramatea egotzitako andrea aurkitu du Poliziak
Barakaldon bizi ziren ama eta bi alabak; Galiziara joana da emakumea alabekin. Bikotea bananduta dago; tratu txarren aurrekariak daude
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu