Atzo arratsaldean 11 eta 15 urteko bi adingabe elektrokutatu ziren Usurbilen (Gipuzkoa), Errota Berri industria guneko goi tentsioko dorre batera igota. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, bietako bat, erredura okerrenak dituena, Gurutzetako Ospitaleko Erredura Larrien Unitatean dago (Barakaldo, Bizkaia), larri baina egonkor.
Bi gazteak anai-arrebak dira, eta, familiarekin, ospakizun batean zeuden Atxega jatetxean, ezbeharra gertatu zen lekutik metro gutxira. 18:10ak aldera, han zeudenek leherketa bat entzun zuten, eta industrialdean argia joan zen. Bi heldu bertaratu ziren adingabeei laguntzera, eta bi horiek ere medikuen arta behar izan zuten gero. Medikuekin batera erreskate lanetan parte hartu zuten suhiltzaileek, Ertzaintzak eta Usurbilgo Udaltzaingoak.
Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkateak atsekabea adierazi du gertatutakoagatik, eta zaurituei behar bezala osatzea opatu die. Gainera, esan du Iberdrolari herriguneko elektrizitate dorreak ikuskatzeko eta hobeto babesteko eskatuko diotela, istripua izan dutenak dorrera oso erraz igo zirela uste baitute.