Iragarritakoa konplitzen bada, bihar onartuko dira EAEko Hezkuntza Lege proiektuaren gaineko azken zuzenketak, eta behin betiko testua onesteko bidea hasi. PSE-EEk eta jeltzaleek udazken honetan mahai gainean jarri dituzten zuzenketek kezka eragin dute. Euskarak izango duen tokiarekin lotutakoek bereziki. Batetik, hizkuntza ereduak propio aipatzea ebatzi dutelako. Bestetik, Euskararen Legea ere berariaz aipatuta araudi horrek 1982an ezarri zuen lege esparruari atxiki, eta bideak ezar ditzakeelako gurasoek hizkuntza hautatzeko duten eskubidea lehenets dadin. Hirugarrenik, hiru irakas-hizkuntza aipatu dituztenez, euskarak indarra gal dezakeelako eskolek ondu behar dituzten hizkuntza proiektuetan, nahiz eta euskara lehenetsi behar duten. Kezka horiek agerian geratu dira gaur Kontseiluak eta ELA sindikatuak Eusko Legebiltzarrean egin dituzten agerraldietan.
Baina horiek ez dira izan legea onartu bezperako kritika bakarrak. Ezta kritikarako zio bakarrak ere. Asteburu honetan bertan Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak esan du lege berria «iruzurra» dela, eta hezkuntza «pribatizatzea» duela helburu. Antzeko kritika gehiago ere izan dira. Eta legearen gaineko adostasuna mehartzen joan da. Iazko apirilean, Eusko Legebiltzarreko talde politiko ia denek lortu zuten legearen ernamuin behar zuen itunaren inguruan bat egitea: PP eta Vox bakarrik geratu ziren kanpo. Ondo ahuldu da akordioa ordutik. Elkarrekin Podemos-IUk alde egin zuen aurrena. Eta EH Bildu ere aldendu da, bereziki PSE-EEk eta EAJk hizkuntza ereduei buruzko aldaketak hitzartu ostean. Azkeneko bi talde horiek badute indarra legea aurrera ateratzeko. Baina bezperako kritika ozenok entzunda, duda handiak daude, ea legeak zenbateko sendotasuna izango duen.
Ikusi gehiago