Aurtengo euskarazko tesien Koldo Mitxelena sarietako bat irabazi du Koldo Zuloaga hizkuntzalariak (Basauri, 1985), Mendebaleko euskerearen azterketa dialektologiko-diakronikorantz lanagatik. Inguruan talde bat izan arren, doktore tesia «oso bakarka» egiten den lan bat dela nabarmendu du, eta, horregatik, sari bidezko aitortza bat jasotzeak «bultzada handia» eman diola esan du: «Askotan ez dakizu egiten ari zaren horrek zerbaiterako balio duen, eta halako sari batek argi uzten du baietz».
Nolatan erabaki zenuen mendebaldeko euskararen dialektoek historian zehar izandako bilakaera aztertzea?
Azken 30 urteetan, euskalkien historiaren azterketa ez da euskal ikasketen erdigunean egon. Baina 2000ko hamarkadatik hona, Juan Lazarragaren eskuizkribua agertu zenetik, badirudi historialariek arreta jarri dutela gai honetan. Izan ere, dirudienez, euskalkien historia ezagutzea lagungarria da euskararen historia zehatzago ezagutzeko. Testuinguru horretan, nik hurbilen nuen eta ondoen ezagutzen nuen mendebaldekoari heldu nion.
Nola egiten da azterketa hori?
Bi zutabe edo oinarri daude. Bata, datuak dira. Eta datuak lortzeko bi iturri nagusi daude: testu zaharrak, gehienbat XVI. mendetik aurrerakoak, eta, testurik ez dagoenean, toponimia izaten dugu lagungarri, batez ere Erdi Arora begira jartzen garenean. Bestetik, oinarri teoriko-metodologikoa ere badago.
Zertan datza alde teoriko-metodologiko hori?
Kontua da ikustea atzerrian edo nazioartean, beste hizkuntza batzuetan, gai berak ikertu dituztenek zer motako metodologia edo tresnak erabili dituzten. Horiek ezagutu, ikasi, eta, egin behar diren moldaketekin, euskarara aplikatu behar ditugu. Labur esanda: datuak ahal bezain ondo ezagutu eta horien gainean ikerketa metodo estandarrak aplikatzen saiatu naiz.
Zer ondorio atera daitezke garatu duzun tesiari esker?
Emaitza nagusia izan da Erdi Arotik hasi eta XIX. mendera bitartean gerora bizkaiera deitua izan den euskalkiaren bilakaera argitzea. Askotan betikoak izango balira bezala hitz egiten dugu euskalkiez; beti hor egon diren gauza bat izango balira bezala. Baina, lehen aipatutako datuak ikertzean, historia bera aztertzen duzunean, ikusten duzu denboran atzera egin ahala dialekto horiek bereizgarri egiten dituzten ezaugarriak disolbatu egiten direla, izateari uzten diotelako.
Hortaz, bizkaieraren gisako euskalkiak ez dira betidanik gure artean egon, ezta?
Hala da. Orduan, nire lana edo ekarpena izan da aztertutako datuei data bat eta eremu bat eman ahal izatea. Bizkaiera XVI-XVII. mendeetatik aurrera hitz egin dela esan dezakegu; aurretik, ez. Lehenago daudenak dira euskalki edo eremu dialektal askoz zabalagoak, guk mendebaldeko euskara zaharra edo mendebal muturreko euskara zaharra deitu ditugunak; baina Erdi Aroan, esaterako, ez dago bizkaieraren egungo mugarik duen euskalkirik.
Nolakoa da euskara zahar hori?
Mendebaldean, geruza zaharrenean oso ezaugarri gutxirekin zehaztu dezakegun euskara bat dago, datu faltagatik. Baina Gipuzkoa gehiena, Araba, Bizkai osoa eta Nafarroako mendebaldeko ibar batzuk hartzen zituen. Unitate dialektala hori zen, eta gero zatituz doa, eta zatikatze eta galtze prozesu horren ostean heltzen gara gaur egun ezagutzen dugun bizkaierara.
Urte asko eman dituzu tesia garatzen. Nolakoa izan da lan hori?
Denetarik du. Baditu oso alderdi politak. Esaterako, testuekin lan egiten duzunean, artxiboetara jo eta originalak aztertzeko eta ukitzeko aukera izatea zoragarria da. Aurkikuntza txikiak egitea ere oso pozgarria da.
Zer izan da gogorrena?
Iraupena. Orduak eta orduak sartu beharra. Nik zulo beltz batekin alderatzen nuen tesia, dena irensten duelako: denbora, indarrak, dirua... Denbora tarte batez egiten den lan estra bat baino gehiago, bizimodu bat da. Besteek udako oporrak edo asteburu bat ikusten zituzten tokian, zuk inork molestatuko ez zaituen lan egiteko sasoia ikusten duzu.
Zein da euskararekin halako azterketa diakroniko bat egiteak dakarren zailtasunik handiena?
Hizkuntzaren historiarekin lan egiten duen edonorentzat, artxiboa beti da txikiegia. Eta, euskararen kasuan, txikia da benetan. Nik XV. eta XVI. mendeetatik, XIX. mendera bitartean mendebaldeko euskaran dauden testu guztiak erabiltzeko aukera izan dut. Eta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa kontuan hartuta, guztira 120-140 izango dira. Horietako batzuk liburuak dira, baina beste batzuk, esaldi solteak baino ez. Horrek zailtasun erantsi bat ematen dio ikertzaileon lanari, lekukotasunik laburrena ere amaierara arte xahutu beharra dagoelako.
Nolakoak dira testu horiek?
Hori beste alderdi latzetako bat da. Iritsi zaizkigun testu gehienak erlijiosoak dira, eta, horren ondorioz, oso errepikakorrak dira. Beti gai berak lantzen dituzte, eta, orduan, idatziz gordeta dugun tradizio osoan aipatu ere egiten ez diren esparruak daude; euskara arruntetik hurbilago egon litezkeenak, adibidez.
Ikertzen jarraitzeko asmoa duzu?
Orain irakasle gisa egiten dut lan, EHUn, eta badut ikerketarekin jarraitzeko asmoa. Batetik, tesian egindako ikerketa lerroak finkatu eta argitzeko, eta, bestetik, lerro berriak zabaldu eta gutxi landu ditudanetan sakontzeko.
Ikerketarekin jarraituz gero, zer lor dezakezu?
Euskararen dialektalizazio prozesua zehatzago ezagutzea eta, azken buruan, euskararen dialektoen jatorria argitzea.