Berriako kazetaria

Kristina Berasain: «Beti saiatu naiz ertzei eta gatazka ahaztuei erreparatzen»

Berasainen irudiko, urteetako lanari egin diote gorazarre. Nabarmendu du ezinbestekoa dela kazetaritza pausatua egitea.

Kristina Berasain
Kristina Berasain, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2024ko urtarrilaren 26a
20:26
Entzun

Kristina Berasain (Lizarra, Nafarroa, 1973) Tristan BERRIAko kazetariari eman diote prentsaren arloko Argia saria Sahara, herri bat erresistentzian liburuagatik. Urteetan saharar herriaren gatazka kontatzeko egin duen lana aitortu dutelakoan dago.

Zer esan nahi du zuretzat sari hau jasotzeak?

Aitorpen bat da; esango nuke begirada bat aitortu dutela, ikuskera bat. Nazioarteko kazetari bezala, beti saiatu naiz ertzei erreparatzen, gatazka ahaztuei erreparatzen, eta uste dut sari honekin hori aitortu dutela. Herri sahararra herri ahaztua da, eta gatazka hori isilarazitako gatazka bat da. Ez dugu ahaztu behar sahararrak gerran daudela, eta 50 urteko borrokan daudela.

BERRIAn eta urteetan eman duzu Sahararen berri. Ibilbide horri egindako aitortza bat ere ba al da?

Bada, bai. Saria jasotzean ere aipatu dut: 2005ean nire lehen bidaia Mendebaldeko Saharara izan zen. Ez nuen lortu bertan sartzea; oso zaila da kazetarientzat bertan gertatzen denaren lekukotza jasotzea. Azkenean, Marokok ez du errepresioaren lekukorik nahi. Nire lehen bidaia hartan Sahararekin kateatu nintzen, eta, ordutik, konprometitua nago gatazka horrekin. Ia hogei urteotan jasotako testigantzak daude liburuan, eta uste dut lan hori eskertu edo saritu dutela.

Arnasa luzeko kazetaritzaren balioa ere aipatu duzu. Mundu mailako eta Euskal Herriko egoera ikusita, inoiz baino beharrezkoagoa da patxadaz egiten den kazetaritza?

Beti izan da beharrezkoa. Halere, kazetaritza gero eta azkarragoa da, eta gero eta informazio gehiago iristen da leku guztietatik. Arnasa luzeko kazetaritza, kazetaritza pausatua, ezinbestekoa da mundua ulertzeko, bizi ditugun garai arraro eta ilun hauek behar bezala ulertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.